Gizartea -

Gertakaria

Gizon bat sastatu dute Noaingo Talluntxe industrialdean

11:35ean eraso diote, eta ustezko erasotzailea, 37 urteko gizon bat, Iruñean atxilotu dute. Zauritua Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat zauritu dute gaur Noaingo (Nafarroa) industrialde batean. Ustez, beste gizon batek eraso dio, eta susmagarria Iruñean atxilotu dute geroago.

Guardia Zibilak jakitera eman duenez, 11:35 aldera gertatu da erasoa, Noaingo Talluntxe industrialdean. Hainbat herritarrek abisua eman dute, arma zuriz zauritutako pertsona batek laguntza behar zuela esanez.

Bertaratu diren agenteek, lehen sorospenetako ezagutzak dituztenez, konpresioa egin diote azaleko zaurietan, tornikete bat kuadrizepsean odoljarioa eteteko, eta gainerako zauriak estali eta lotu egin dizkiote.

Ondoren, osasun-langileek Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute. Ez dute zehaztu zaurien larritasun maila edo biktimaren egoera zein den.

Guardia Zibileko agenteak laguntza ematen ari ziren bitartean, ustezko erasotzailea bilatzeko dispositiboa abiatu jarri dute, biktimak emandako datuekin, ezagunak baitziren.

Handik gutxira, Foruzaingoak 37 urteko gizon bat atxilotu du Iruñean, erasoaren ustezko egilea zelakoan. Noaingo udaltzainek ere lagundu dute biktima artatzen eta erasotzailea bilatzeko lanetan.

Atxilotua Guardia Zibilaren kuartelera eraman dute, Iruñera, horrek hartu baitu gertatutakoa argitzeko ikerketaren ardura bere gain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Foruzaingoa Noain