Gizartea -
Gizarte laguntzak
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen Lanbideri 90.000 euroko iruzurra egitea egotzita
Gizonezkoa Frantzian bizi bazen ere, Arabako hiriburuan erroldatu zen, laguntzak kobratzeko. Euskal Enplegu Zerbitzuaren arabera, 2010etik jaso ditu dirulaguntzak. Frantziako Estatuak emandako prestazioak kobratzen zituen, gainera.
Agentziak | EITB MEDIA
Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu zuen maiatzaren 29an Gasteizen Lanbideri 90.000 euroko iruzurra egitea egotzita. Gizarte laguntzak kobratzeko asmoz, Arabako hiriburuan erroldatu zen, baina berez Frantzian bizi zen. Laguntzok 2010etik jaso ditu atxilotutakoak.
Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkariordetzak emandako abisu bati esker abiatu zuten ikerketa. Gasteizen erroldatuta egon arren, Frantzian bizi zen pertsona bat egon zitekeela jakin zuen.
Ikerketak egiaztatu zuenez, Arabako hiriburuan egoiliar gisa zegoen ofizialki, eta 2016tik Espainian luzaroko bizileku baimena zuen. Dena dela, Frantziako Estatuko agintariek emandako datuen arabera, Frantzian bizi zen 2014tik.
Are gehiago, Frantzian ileapaintzaile moduan ari zen lanean, eta aldi baterako bizileku baimena zuen, horri esker. Han ere prestazioak kobratzen zituen gizonak.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren arabera, 2010etik jaso ditu dirulaguntzak. Guztira, 132.000 euro izan dira, baina berez 90.000 euro poltsikoratu ditu: diru-sarrerak bermatzeko errentagatik, bizitzeko gutxieneko bitarteko diru-sarreragatik eta etxebizitzagatik emandako prestazio osagarriagatik.
Gasteizera egindako bisita "bakanetako" batean atxilotu zuten, maiatzaren 29an, eta epailearen aurrera eraman.