Gizartea -
Saria
Ebru Baybara Demir sukaldari turkiarra, Basque Culinary World Prize 2023
Turkian, errefuxiatu siriar gehien hartzen dituen herrialdean (3,5 milioi pertsona baino gehiago), sukaldariak integraziorako tresna gisa erabiltzen du gastronomia.
EITB Media
Ebru Baybara Demir sukaldari turkiarrak Basque Culinary World Prize 2023 saria jaso du. Turkian, errefuxiatu siriar gehien (3,5 milioi pertsona baino gehiago) hartzen dituen herrialdean, sukaldariak integraziorako tresna gisa erabiltzen du gastronomia.
Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak azpimarratu du "aurten ere gizarte-garapeneko proiektu bat" saritu dela.
Bestalde, Joan Roca Basque Culinary World Prizeko epaimahaiburuak adierazi duenez, "Ebruk sari honen bidez ikusgarritasuna eman nahi diegun balioak ordezkatzen ditu". Turkian eta Sirian gastronomiaren arloan gizarte-ekintzaile gisa lanean aspalditik ari dela nabarmendu du. "Berak, sukaldearen bidez, etxean bezala sentiarazten ditu", gaineratu du errefuxiatuen egoerari erreferentzia eginez.
Azkenik, Joxe Mari Aixega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak sariak bete dituen zortzi urteak gogorazi ditu, eta nabarmendu du "aurten ere irabazlea gastronomiaren eraldaketa gaitasunaren adibide garbia" dela.
Bere ekimenetan, Baybarak bi herrialdeetako emakumeak ahalduntzen ditu eta aurreiritziak hausten ditu, kulturen elkartrukeak dakarren aberastasuna azpimarratuz. Azken proiektua, 'From Soil to Plate', Mardin mugako probintzian du. Egitasmoak bertako nekazaritzaren egoera kaskarrari buelta eman nahi dio, emakumeen langabezia handiari aurre egiteko, laborantza teknika tradizionalak babestuz.
Gainera, iaz arte, 'Harran Gastronomy Project' egitasmoaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. ACNURen proiektu horretan, 160 pertsona (batez ere, siriar eta turkiar emakumeak) trebatu, eta 108 errefuxiatu-eremuetan eta beste instalazio batzuetan janaria prestatzeko kontratatu zituzten.