Gizartea -
ETXEKO INDARKERIA
Gizonezko bat hil du ustez haren bikotekideak Iruñean
14:30 inguruan izan da erasoa, Arrotxapea auzoan. Emakumea atxilotu egin du Udaltzaingoak, ustezko erasotzailea delakoan. Bihar edo etzi utziko dute epailearen esku.
EITB MEDIA
Gizonezko bat hil du ustez haren bikotekideak Iruñean, Arrotxapea auzoko etxebizitza eraikin bateko ezkaratzean. Lehen informazioen arabera, labana batekin hil du. Suspertze maniobrak egin dizkioten arren, bertan hil da.
Iruñeko Udaltzaingoak baieztatu du hilketa 14:30 inguruan izan dela, Bernardino Tirapu kalean. Iturri horren arabera, bizilagunek deitu dute Nafarroako larrialdietarako zerbitzura, gizonezko bat zauritua zegoela jakinarazteko.
Udaltzainak bertaratu direnean, 45 urteko gizonezkoa aurkitu dute lurrean larri zaurituta, eta alboan, 31 bat urteko emakumea, haren bikotekidea. Anbulantzia iritsi denerako, hil egin da gizona.
Dirudienez, 10 urteko alaba bat zuten eta aspalditik zeuden bananduta. Erasoa, antza, gizonaren etxebizitzan gertatu da eta biktima ezkaratzera jaitsi da laguntza eske, baina ezin izan dute ezer egin bizitza salbatzeko.
Hilotza Nafarroako Auzi Medikuntza Institutura eraman dute. Emakumea, aldiz, tokian bertan atxilotu dute, ustezko erasotzailea delakoan. Udaltzaingoaren komisaldegira eraman dute, eta bihar edo etzi utziko dute epailearen esku.