Gizartea -
Bizkaia
Renfeko bi langileri eraso egin diete Bizkaian 48 orduan
Horregatik, Renfe Bizkaiko enpresa-batzordeak gertaera horiek salatzeko elkarretaratzea deitu du ostiralean, hilak 12, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzaren aurrean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Azkenengo 48 ordutan Renfeko bi langileri eraso egin diete Bizkaian. Horregatik, batzordeak elkarretaratze deia egin du datorren ostiralean, hilak 12, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzaren aurrean.
Batzordeak gogorarazi nahi izan du uste baino gehiago gertatzen direla mota hauetako erasoak. Izan ere, duela urtebete baino gutxiago, beste kontu-hartzaile bati ere eraso egin zioten. Hori dela eta, gertaera horiek salatzeko elkarretaratzea deitu dute ostiralean, hilak 12, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzaren aurrean.
Alonsotegi
Renfe Bizkaiko enpresa-batzordeak langile batek beste eraso fisiko bat jasan duela salatu du, Bilbo-Balmaseda linean. Komunikatuaren arabera, erasoa joan den asteartean gertatu zen, maiatzaren 2an, Alonsotegiko geltokian.
Langileak ostikada bat eta ukabilkada batzuk jaso zituen, bi bidaiariri garraio-titulua eskatu zienean. Ondoren, erasotzaileek ihes egin zuten.
Amezola
Joan den ostegunean 18 urteko gazte bat atxilotu zuten Bilbon, Renfeko zaindari bati eraso egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du biktimak hainbat kolpe jasan zituela, 19:45 aldera, Amezolako geltokian.