Gizartea -

Kontsumoa

Horrelakoa da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestuko dituen estatutu berria

Eusko Legebiltzarrak gaur onartu duen legeak jatetxeetan iturriko ura zerbitzatzeko betebeharra ezartzen du, eta zigorrak gogortzen ditu, pertsona ahulenak babesteko helburuarekin.

Elikagaien xahuketari buruzko arauak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuan. Irudia: EITB
Elikagaien xahuketari buruzko arauak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuan.
Kontsumobideko zuzendariak Kontsumitzaileen Estatutu berriaren gakoak azaldu dizkigu

1:51

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutu berria onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs taldeen babesarekin. EH Bilduk eta Voxek aurka bozkatu dute. Estatutu berriak edozein ondasun edo zerbitzu erosi edo kontratatzeko orduan babesa handitzea du helburu, eta abusuzko praktika baten aurrean ahulenak izan daitezkeen pertsonak babesteari arreta berezia jartzen dio.

Adinekoez baliatzen diren iruzurrak jazartzeaz gain, botatzen dugun janaria eta erabilera bakarreko ontziak murriztea da helburua. Zentzu horretan, jatetxeetan iturriko ura zerbitzatzeko betebeharra indartzen du (2022tik dago indarrean), eta bezeroari soberako janaria etxera eraman dezakeela jakinaraztera behartzen ditu.

Elikagairik ez xahutzea.

Estatutu berriak, halaber, nahi ez ditugun bisitetatik babestu nahi gaitu, askotan iruzur egiten baitigute guk nahi ez dugun produkturen bat saltzeko. Ildo horretan, etxez etxeko edozein salmentarako hitzordua 48 ordu lehenago programatu beharko da gutxienez. Horrek bereziki babesten ditu etxean bakarrik bizi diren pertsonak, txirrinak ustekabean harrapa ez ditzan.

Etxez etxeko salmenta.

Gainera, funtsezko zerbitzua eskaintzen duen enpresa batek hornidura eten nahi badu, hilabeteko epea eman beharko du edozein akats zuzentzeko.

Interes orokorreko funtsezko zerbitzuak.

Estatutuaren beste berrikuntza bat enpresek erabiltzaileei ematen dieten informazioa da. Esate baterako, jolas-parke batean eragina izan badezake jende asko bertaratzeak edo obra batzuek, behar bezala jakinarazi beharko dio bezeroari. Autobideek ere gauza bera egin beharko dute.

jarduerak

Tresna berriak Kontsumobiderentzat

Estatutuak Kontsumoko Euskal Institutuaren tresnak ere indartzen ditu. Berrikuntzen artean, kontrolatu nahi duten enpresetan identifikatu gabe sartzeko aukera izango dute ikuskatzaileek. Halaber, Kontsumobidek zabaldu ahal izango du enpresaren batek abusuzko praktikak egin dituela.

Kontsumobide

Laura Alzola Kontsumobideko zuzendariak nabarmendu du institutuak zuzenean erreklamatu ahal izango diola enpresa bati, zehapen baten barruan, zor duen diru-kopurua itzul dezala. Horrela, erabiltzaileak ez du prozesu judizial batetik igaro beharko, orain arte bezala.

Zehapenak.

Estatutuak arau-hausteen zerrenda luzea jasotzen du. Bereziki, legeria berriak adingabeen, adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak babesten ditu, eta produktuen etiketa, publizitatea, osaera eta kalitatea kontrolatzen ditu, etxeko aparatuen segurtasuna zaintzen du, eta telefono eta Internet zerbitzuekiko kontsumo-harremanak babesten ditu, baita saltokitik kanpo sinatutako kontratuak eta finantza-kontratuak ere. Hona hemen adibide batzuk:

Arau-hausteak.

Araudi berriak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteei buruzkoak ere arautzen ditu, eta beharrezko independentzia- eta gardentasun-baldintzak ezartzen ditu, kontsumitzaileen ordezkaritzat har daitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa KontsumoBIDE