Gizartea -
Atxiloketa Bilbon
34 urteko gizonezko bat atxilotu dute Bilbon emakume bat eta Ertzaintzako agenteak mehatxatzeagatik
Mehatxuak egin ostean, gizona Santutxu auzoko denda batean sartu eta hiru orduz gotortu zen hainbat armarekin. Aurrez, igande goizean, indarkeriaz egindako lapurretagatik atxilotu zuten.
EITB Media
Ertzaintzak 34 urteko gizaseme bat atxilotu zuen atzo iluntzean Bilbon, emakume bati eta Ertzaintzako agenteei mehatxuak egiteagatik, eta ondoren, denda batean gotortzeagatik hainbat armarekin.
Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, gertakariak 18:30 aldera hasi ziren. Santutxu auzoan gizon bat segika eta heriotza mehatxuak eginez zuela eta, larrialdi zerbitzuetara deitu zuen emakume batek.
Inguruan zaintza lanak egiten zebilen patruila bat hurbildu zen, eta agenteak ikustean auzoko denda batera sartu zen gizona. Antza, bertan egiten zuen lan. Establezimenduaren barrualdetik, poliziak mehatxatu zituen hainbat arma erakutsita eta objektuak bota zituen kalera.
Egoera ikusita, Ertzaintzaren talde negoziatzaileak hartu behar izan zuen esku. Hainbat orduren ostean, 21:00etan, gizonak amore eman zuen eta kalera irten zen.
Agenteek berehala atxilotu zuten gizona, emakume bati mehatxuak egitearen eta agintaritzaren aurkako atentatuaren delituak egotzita. Denda barruan hainbat arma topatu zituen Ertzaintzak: bi labana, makina erradial bat, punta metalikoko bastoi bat, zizaila bat, beisboleko bate bat, matxete bat eta esku zerra bat.
Kontua da igande goiz horretan bertan atxilotu zutela gizona, indarkeria erabilita egindako lapurreta egotzita.