Gizartea -
ASTE SANTUA
Hego Euskal Herriko aireportuak turistaz betetzen hasi dira Aste Santuaren hasieran
Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko aireportuetan hasi da Aste Santuko irteera operazioa, eta ehunka hegaldi programatu dituzte.
EITB Media
Aste Santuko irteera operazioa hasi da, eta gero eta jende gehiago dabil euskal aireportuetan. Gaurtik apirilaren 10era arte, Bilboko aireportutik 200.000 pertsona pasatzea espero da, eta 13.000, esaterako, Gasteizkotik.
Bilboko aireportuak 1.487 hegaldi ditu programatuta Pazko astelehenera arte, iaz baino gehiago, 1.357 izan baitziren. Ohiko hegaldiei, Bilbo eta Marrakech, Bari, Erroma edo Dubrovnik lotuko dituzten charter hegaldiak gehituko zaizkie.
Gasteizko aireportuan, charter hegaldiak programatuko dira Berlin, Toscana, Ljubljana eta Istanbulera. Eta Iruñeko aireportuak charter hegaldi bereziak ditu programatuta Siziliara, Pragara, Istanbulera eta Marrakexera.
Gainera, Aste Santuko joan-etorriak hastearekin batera, Donostiako aireportuan linea berri bat estreinatu dute gaur, Valentziarekin lotuko duena, hain zuzen ere. Volotea konpainiak eskainiko du konexioa, astean birritan, astelehenetan eta ostiraletan, eta lotura hori gehituko zaio udako denboraldian Donostiako aireportuan eskainiko diren gainerako hegaldiei, hala nola Madril, Bartzelona, Kanaria Handia, Sevilla, Malaga, Mallorca, Menorca eta Londres Donostiako aireportuarekin lotzen dituztenei. Valentziatik abiatu eta Donostian lur hartu duen lehen hegazkina 10:30ean iritsi da, eta 11:05ean aireratu dira Gipuzkoatik Valentziako Erkidegora zuzenean zihoazen lehen bidaiariak.