Gizartea -

INKESTA

EAEko 15 urtetik gorako herritarren % 28k egunero egiten dute kirola, eta % 64,3k, astean behin

Kirol ohiturei buruzko inkesta egin du Eusko Jaurlaritzak, eta gaur jakinarazi ditu emaitzak. Horien arabera, sexuen arteko ezberdintasunak oso agerikoak dira kirolean, maiztasunari zein modalitateari eta kirola egiteko moduari dagokienez.

Grafikoa: EITB Media
Grafikoa: EITB Media
Grafikoa: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko 15 urtetik gorako herritar gehienek, hirutik bik, kirola egin dute azken urtebetean, horien % 27,7k egunero edo ia egunero, % 67k astean behin, eta % 1,7k hamabostean behin. Batez ere, 64 urtetik gorakoak dira kirola egunero egiten dutenak. Datuak sexuen arabera bereizita, bada alderik: emakumeek (% 58) gizonek (% 71) baino kirol gutxiago egiten dute, eta batzuek eta besteek kirola egiteko aire zabaleko tokiak dituzte gogokoen, hor ere sexuen arteko aldeak nabarmenak diren arren.

EAEko kirol-ohiturei buruzko inkesta egin du Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak, eta aipatutako horiek dira ondorioetako batzuk. 15 urtetik gorako 2.300 herritar galdekatu zituzten 2022ko irailaren 19a eta urriaren 10a bitartean, telefono bidez, herritarrek kirola egiteko dituzten ohiturei buruzko informazioa jasotzeko.

Ondorio nabarmenetakoa da herritar gehienek, % 64k, egiten dutela kirola, maiztasunean alde esanguratsuak dauden arren: 10etik 3k egunero egiten dute jarduera fisikoren bat, eta ia 7k, astean behin gutxienez. Galdetutakoen % 35,7k, berriz, kirolik ez duela egiten adierazi dute.

Sexuen arteko aldea agerikoa da kirolean, maiztasunari zein kirol modalitateari dagokienez. Inkestaren bidez ondorioztatu dutenez, emakumeek gizonek baino kirol gutxiago egiten dute, % 58 eta % 71, hurrenez hurren. Era berean, emakumeek (% 36,7) batez ere kirol arina egiten dute (paseoa, dantza, pilatesa, yoga…), eta gizonek (% 40,3), berriz, kirol gogorragoak (alpinismoa, eskalada…). Oro har, gizonek gehiago egiten dute aire zabaleko kirola, eta emakumeek gehiago erabiltzen dituzte kirol-instalazioak. Nolanahi ere, mendiko jarduerak nabarmentzen dira: azken urtean kirola egin duten hiru herritarretik batek mendiarekin lotutako kirola egin du.

Modalitatearekin lotuta, adina erabakigarria da. 65 urtetik gorakoek kirol arinak egiten dituzte gehien, eta 35 urtetik beherakoek, berriz, kirol gogorragoak.

Herritar gehienek, % 42,6k, bakarka egiten dute kirola, baina hor ere aldeak daude sexuen artean: kirola beste batzuekin batera egiten duten emakumeen kopurua (% 50,4) gizonena (% 40,3) baino hamar puntu handiagoa da.

Galdetegia erantzun dutenen ia erdiak kirol elkarte, klub edota instalazioren bateko bazkideak dira, eta herritar gehienek osasunagatik eta sasoian egoteko egiten dute kirola.

Azkenik, kirolari buruzko politikei buruz galdetuta, EAEko biztanleriaren gehiengo zabala kirol guztietan euskal kirol selekzioak izatearen eta horiek lehiaketa ofizialetan parte hartzearen aldekoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Albisteak mendia Emakumeen kirola azken ordukoa Kiroldegiak gaur Eskola kirola Gipuzkoa