Gizartea -

Monumentuak

Corellako Las Ramblas pasealekuko gurutzea kentzea baimendu du epaile batek

Nafarroako herri horretan egitekoak diren berritze lanen aurkako errekurtsoa jarri zuen Abokatu Kristauen Elkarteak.

Corellako Las Ramblas pasealekuko monolitoa eta gurutzea.
Corellako Las Ramblas pasealekuko monolitoa eta gurutzea.
Corellako Las Ramblas pasealekuko monolitoa eta gurutzea.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Administrazioarekiko Auzibideetarako Iruñeko 2 zenbakiko epaitegiak atzera bota du Abokatu Kristauen Elkarteak Corellako Las Ramblas pasealekuan egitekoak diren berritze-lanen kontra jarri zuen errekurtsoa, eta bertan dauden monolitoa eta gurutzea kentzeko baimena eman du.

Epaileak argitu duenez, eztabaida sortu duten monolito eta gurutze horrek ez dute monumentu kultural edota historikoaren katalogaziorik; beraz, "ez dago arrazoirik kentzea eragozteko". "Babesa emango liekeen kalifikazio hori eskuratzeko espediente administratiborik ez dago", jaso du sententziak. Horrez gainera, azpimarratu du Udala bere ondarea den eta gune publikoan kokatuta dagoen elementu baten gaineko ekintza bat egiten ari dela, eta arau urbanistikoek horretarako baimena ematen diotela.

Errekurtsoa jarri zuen elkarteak prozesuan zehar esan duenez, gurutzea eraistea legez kanpokoa eta Konstituzioaren aurkakoa da, diskriminaziorik ezaren printzipioa eta erlijio-askatasuna urratzen ditu eta Administrazioak ez du dagokion neutraltasunarekin jokatu. Horren inguruan, epaileak berretsi du monolitoak eta gurutzeak ez dutela babes kulturala bermatuko liekeen katalogaziorik, eta, ondorioz, ez dela kalterik sortzen. "Ez da aurkeztu gurtza ekitaldiekin harremana duela erakutsiko lukeen frogarik", gaineratu du.

Abokatu Kristauen Elkarteak sententzia errekurritzeko aukera dauka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Corella