Gizartea -
Araba
65 urteko gizon bat hil da Iruña Okan, gidatzen ari zen traktorearekin istripua izanda
Ezbeharra 19:00ak aldera gertatu da. Antza denez, ibilgailuak bideko elementuren baten aurka egin du talka tunel batean.
Agentziak | EITB Media
65 urteko gizonezko bat hil da Iruña Okako (Araba) bigarren mailako errepide batean traktore bat gidatzen ari zela istripua izanda.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ezbeharra 19:00ak aldera gertatu da. Antza denez, ibilgailuak bideko elementuren baten aurka talka egin du tunel batean, eta gidaria larri zauritu da kolpearen ondorioz.
Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira, baita suhiltzaileak eta anbulantzia medikalizatu bat ere, eta biktima bertan artatu dute, baina suspertzeko maniobrak egin dizkioten arren, osasun-langileek ezin izan dute biktima salbatu, eta bertan hil da.
Gizonezkoaren gorpua Gasteizko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.