Gizartea -
'Bai bakarrik da bai' legea
'Bai bakarrik da bai' legearen erreformak lehen izapidea gainditu du, baina inbestidurako gehiengoa hautsita
Kongresuak onartu egin du 'bai bakarrik da bai' legearen erreforma izapidetzen hastea.
Agentziak | EITB Media
'Bai bakarrik da bai' legearen erreformak lehen izapidea gainditu du, baina inbestidurako gehiengoa hautsi ondoren.
Diputatuen Kongresuak araua erreformatzea onartu du aldeko 231 botorekin, 58 abstentziorekin eta kontrako 56 botorekin. PSOEren lege proposamenak orain hasiko du eztabaida eta zuzenketa izapidea.
PSOErekin eta PPrekin batera, baiezko botoa eman dute Ciudadanos, EAJ, PDeCat, Coalicion Canaria eta PRCko diputatuek, baita talde mistoko beste ordezkari batzuek ere.
UPez gain, ERC, EH Bildu, BNG eta CUP ezezkoan kokatu dira. Voxek, aldiz, abstentzioaren alde egin du, Mas Paisek, Compromisek eta JxCatek bezala.
Espainiako gobernuburua ez da osoko bilkurara joan gaur, eta Gobernuko ministroek boto zatiketa erakutsi dute. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak eta Pilar Llop Justizia ministroak, azken horren Ministerioak erreforma diseinatu zuen, aldeko boza eman dute. Yolanda Diaz presidenteordeak eta Irene Montero Berdintasun ministroak, ostera, aurkako botoa eman dute.
Bozketa egin aurretik, Diaz eta Montero hemiziklotik kanpo bildu dira, Enrique Santiago PCEko idazkari nagusiarekin batera, argazkilarien eta telebista kameren zalaparta artean.
Pablo Fernandez Podemoseko bozeramailekideak "doilorkeriatzat" jo du PSOEk ekimena PPrekin aurrera atera izana. "Lotsagarria da. PSOEk PPren eskutik bozkatu du La Manadako Zigor Kodera itzultzea, eta horri Voxen abstentzioak lagundu dio", esan du Twitterren.
Era berean, Ione Belarra Podemoseko buru eta Eskubide Sozialen ministroak adierazi du emakumeek kalean konkistatu zutela "baimena Zigor Kodearen erdigunean jartzea", eta hori defendatu dute berriro Kongresuan, "atzera egin nahi duten PSOEren eta PPren aurrean". "Aurrerapauso feministak zaintzeko lanean jarraituko dugu", gaineratu du.
'Bai bakarrik da bai' legea aintzat hartzeak agerian utzi du berriz ere koalizio-gobernuaren barneko tentsioa, baina ez da hori gertatu den aldi bakarra, PSOEk eta Unidas Podemosek dagoeneko hamar bat ekimen pilatu modu desberdinean bozkatu dituztelako Behe Ganberako Osoko Bilkuran.