Gizartea -
gipuzkoa
61 urteko gizon bat helikopteroz erreskatatu dute Txindoki mendian, lubeta batetik behera erori ostean
Zaurituak hainbat kolpe zituen erorikoaren ondorioz, baina ez ziren larriak.
agentziak | eitb media
61 urteko gizon bat erreskatatu du Ertzaintzaren helikopteroak Txindoki mendian, Aralar mendilerroan, lubeta batetik behera erorita.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Larrialdi Zerbitzuek abisu bat jaso dute larunbat honetako 12:45ak aldera, mendizale bat hamar metroko lubeta batetik erori dela ohartarazteko.
Gipuzkoako suhiltzaileak bertaratu dira, baita Zaintza eta Erreskate Unitateko lurreko talde bat, mendiko helikoptero bat eta Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako talde bat ere. Bertan, zaurituak erorikoaren ondorioz hainbat kolpe zituela egiaztatu dute, baina ez zirudien larriak zirenik.
Azkenik, Ertzaintzaren helikopteroak lubetatik atera eta leku seguru batera eraman du. Bertan, Osakidetzako anbulantzia bat zain zegoen, ospitalera eramateko.