Gizartea -

Gabonetako zozketa

Hemen da Gabonetako loteria: kontsulta ezazu zozketaren inguruan jakin beharreko guztia

Aurtengo zozketak 2520 milioi euro banatuko ditu saritan. Sari nagusiak 400.000 euro banatuko ditu dezimo bakoitzeko. Bigarren sariak 125.000 euro banatuko ditu dezimoko; eta hirugarren sariak, 50.000 euro.

Gabonetako loteriaren sarien bolatxoak. Argazkia: EFE
Gabonetako loteriaren sarien bolatxoak. Argazkia: EFE
Gabonetako loteriaren sarien bolatxoak. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dena prest da Madrileko Errege Antzokian Eguberrietako loteriaren zozketa egiteko. Goizeko 8:30etik aurrera, eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du zozketa.

Euskaldunek 77,50 euro gastatu dituzte batez beste aurtengo zozketan. Nafarrek apur bat gutxiago gastatu dute: 57,64 euro. Aurreko urteetan sariren bat egokitu den udalerrietan, abenduaren 22ko zozketarako dezimoak eta partizipazioak arin baino arin baino arinago agortu dira. Basauri da horren adibide. 2021ean, milioi ugari banatu zituen Basauriko eskubaloi taldeak, eta aurten, berehalako batean saldu ditu partizipazioak.

Aurtengo zozketak 2520 milioi euro banatuko ditu sarietan. Sari nagusiak, sari desiratuenak, 400.000 euro banatuko ditu dezimo bakoitzeko (4 milioi euro serieko). Bigarren sariak 125.000 euro banatuko ditu dezimoko; eta hirugarren sariak, 50.000 euro. 2.000 euroz azpiko sariak abenduaren 23an kobratu ahal izango dira edozein loteria administraziotan.

Gabonetako zozketako sari nagusia 36 aldiz egokitu da Euskadin; eta lau aldiz, Nafarroan. Bizkaia izan da sarituena, 19 aldiz; ondoren, Gipuzkoa, 14 aldiz; eta azkenik, Araba, hiru aldiz soilik.

Bilbon, 14 aldiz egokitu da sari potoloa; Donostian, zazpi; Iruñean, lau; eta Gasteizen, bi.

Zein aukera dut sari nagusia irabazteko?

Demagun poltsa batean 2,5 kilo arroz ditugula, ale jakin bat margotu dugula, eta hain zuzen, margotutako ale hori atera nahi dugula; bada, ale hori ateratzeko probabilitatea eta ostegunean Gabonetako loterian sari potoloa irabaztekoa berdin-berdina da. Inoiz pentsatu al duzu bihotzak zenbat taupada ematen dituen egunean Bada, taupada bat aukeratu, bakarra, eta hori asmatzeak ere probabilitate berdina du. Burusoila ez bazara, buruan 100.000 bat ile dituzu; bada, pentsatu horietako jakin bat kendu nahi duzula, eta Gabonetako loterian sari nagusia irabazteko dituzun aukerak horiek izango dira, ez handiagoak. Inoiz ikusi duzu bost litroko botila bat? Bada, tanta bat, bat bakarrik, eta hori izango litzateke zure dezimoa osteguneko loteria ontzian.

Xuban Diez Izagirre EHUko irakasle eta Matematikan doktoreak azaldu eta erakutsi dio hori dena eitb.eus-i.

Zozketa zuzenean eta bilatzailea

eitb.eus webguneak zuzenean eskainiko du abenduaren 22an Eguberrietako loteriaren zozketa. Era berean, loteriaren zenbakiak kontsultatu ahal izateko bilatzailea izango du. Horri esker, saririk egokitu zaizun edo ez kontsultatu ahal izango duzu.

Zozketaren iragarkia, klasiko bat

Gabonetako zozketan parte hartzeko ohitura handia dago herritarren artean. Zozketaren iragarkia ere, klasiko bilakatu da. Josean Bengoetxea eta Kandido Uranga euskal aktoreak izan dira protagonista 2022ko hiru iragarkietako bitan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gabonetako loteria nazionala Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Loteriak