Gizartea -

San Tomas

Jendez lepo itzuli dira santomasak Donostiara, eguraldi ona eta festarako gogoa lagun

Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, Konstituzio Plaza izan da beste behin festaren gune nagusia. Halaber, San Tomas azoka hainbat auzotara zabaldu da.

San Tomas azokako postu bat Donostiako Konstituzio plazan. Artxiboko argazkia: EITB Media
San Tomas azokako postu bat Donostiako Konstituzio plazan. Artxiboko argazkia: EITB Media
Txistorra usaina Donostiako txoko guztietara iritsi da, bi urteko etenaldiaren ostean

0:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Tomas azokak jendez bete ditu Donostiako kaleak, pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondotik. Jai giroa hiri osora zabaldu da. Guztira, 166 postu egon dira, eta Konstituzio plazan ikusgai egon da eguneko protagonistetako bat izan den Roxaito txerria.

Konstituzio Plaza izan da beste behin festaren gune nagusia. 54 postu eta askotariko produktu tradizionalak dastatzeko aukera egon da, tartean, taloa eta txistorra.

Gainera, festa honako auzo hauetara ere iritsi da: Ibaeta, Intxaurrondo, Morlans, Amara Berri, Amara Zaharra, Antigua, Gros edo Loiola.

Donostiako Udalak programazio zabala prestatu du. Besteak beste, Emakumezko Aizkolarien V. Kopa, bertso saioa, ohiko lehiaketak edo haurrei zuzendutako tailerrak izango dira.

10:00etatik 21:00ak arte, dozenaka ekitaldi eta lehiaketa izan dira hiriko hainbat txokotan. Esaterako, Donostialdeko ezti lehiaketa, barazki eta fruitu lehiaketa, eta txistorra edo txorimalo lehiaketa antolatu dituzte. Halaber, Zuloaga plazan, haurrentzako jokoak izango dira, eta Boulevardeko kioskoan, ostera, erromeria ospatu da.

Jai garbiagoak eta jasangarriagoak lortze aldera, Udalak 45.000 edalontzi berrerabilgarri jarri ditu bisitarien esku.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako informazioa San Tomas azoka Bilbo Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Azokak