Gizartea -

Qatar 2022

Qatar 2022: giza eskubideak jokoz kanpo, Munduko Futbol Txapelketan

Igandean hastekoa den Munduko Txapelketa polemikaz jantzita dator. Hiru gaik kritika ugari eragin dute mundu osoan zehar: azpiegiturak egiteko obretan hildako langileen gaiak, homosexualitatea Qatarren legez kanpokoa izateak, eta emakumeek jasaten duten zapalkuntzak.

Estadioak eraikitzeko obretan, lan baldintzak oso eskasak izan dira. Argazkia: EITB Media.
Estadioak eraikitzeko obretan, lan baldintzak oso eskasak izan dira.
Qatar 2022 ''Lotsaren Munduko Txapelketa'' izango da, dio Amnistia Internazionalak

0:36

JESUS ELORDUI | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean, hilak 20, Qatarreko Munduko Futbol Txapelketa hasiko da, Qatar-Ekuador partidarekin. Epaileak txistua jo bezain pronto, milioika futbolzale, munduan zehar, adi-adi izango dira ondorengo lau asteotan baloiari: jokalarien driblinak eta paseak, atezainen geldiketak, aurrelarien golak...

Munduko Txapelketa honek, baina, polemika ere badu bidelagun; izan ere, Amnistia Internazionalak "Lotsaren Munduko Txapelketa" izena eman dio, kontuan izanik, alde batetik, herrialde antolatzailean behin eta berriz urratzen dituztela hainbat oinarrizko giza eskubide, eta, bestetik, txapelketarako azpiegiturak egiteko lanetan zenbait langile hil direla (iturri batzuen arabera, 6.500etik gora).

Historian, beste batzuetan ere izan dira polemikaz betetako Munduko Futbol Txapelketak. 1934an, Italian, Europan jokatutako lehen Munduko Txapelketan, politikak markatu zuen lehia; Benito Mussolini zegoen agintean, eta diktadorea futbola propaganda baliabide gisa erabiltzen saiatu zen. Lau hamarkadaren buruan, 1978an, Argentinan, Jorge Videlaren erregimena hori bera egiten ahalegindu zen. Toki askotatik egin zituzten boikoterako deiak, baina, azkenean, bat ere ez zen gauzatu.

Kasu honetan, eztabaida aspalditik dator. Hain zuzen ere, ekitaldia antolatzeko ardura Qatarri eman ziotenetik. Hori 2010eko abenduaren 2an gertatu zen. Egun batzuk lehenago, garai hartako Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk bilera izan zuen Michel Platinirekin, alegia, UEFAko presidentearekin (UEFA europar futboleko erakunde nagusia da, eta Platini ere frantziarra da). Munduko Txapelketarekin lotutako lehen polemika izan zen. Ordutik, azken 12 urteotan, Qatar 2022 txapelketak hainbat eta hainbat kritika jaso ditu.

Fifa fan festivalaren inaugurazioa Catarren. Argazkia: EFE

Gobernuz Kanpoko Erakunde askok, zenbait herrialdetako gobernu ordezkarik, jokalari eta entrenatzaile batzuek eta kulturako eta gizarteko hainbat pertsona entzutetsuk salatu dute ekitaldia. Bereziki, hiru puntutan zentratu dituzte kritikak: alde batetik, txapelketarako estadioak eta beste azpiegitura batzuk egiteko lanetan hildako langile kopurua, lan baldintza oso txarretan aritu baitira; bigarrenez, Qatarrera bidaiatzeko LGTBI+ gizataldeko pertsonentzat dagoen arriskua, kontuan izanik, besteak beste, homosexualitatea legez kanpokoa dela herrialdean; eta, horrez gain, emakumeek emirerrian sufritzen duten zapalkuntza, erabaki eta gestio askotan gizon baten baimena eta oniritzia behar dutelako. eitb.eus-ek hiru salaketa horien inguruko azterketa egin du jarraian.

Munduko Txapelketarako obretan hildako langileak: Batzorde Antolatzaileak 30 bat onartzen ditu, baina 'The Guardian' egunkariak dio 6.500 direla

Txapelketa prestatzeko, obra erraldoiak egin dituzte Qatarren; estadio ultramodernoak eraiki, metroa egin, aireportuak berritu eta eraiki, Doha hiriburuan errotiko aldaketak gauzatu, luxu handiko hotelak egin... Punta-puntako azpiegitura horiek, baina, Qatarrera beste herrialde batzuetatik heldutako milioika migratzailek egin dituzte, gehienbat. Langile horiek jasan dituzten lan baldintzak oso eskasak izan dira; behin eta berriz salatu izan dute hori, munduko puntu askotatik. 

Lan txanda oso luzeetan, beharginek muturreko tenperaturak pairatu behar izan dituzte: baita 50 gradukoak ere, eguneko ordu batzuetan, bero handieneko hilabeteetan. Amnistia Internazionalak 2016an argitaratutako txosten batek egoera "esklabotzatik gertuko" zela salatu zuen. "Qatar, Lotsaren Munduko Kopa" izenburupean, Amnistia Internazionalak salatu zuen Nepaletik, Bangladeshetik edo Indiatik emirerrira iritsitako langileak 4.100 euro ordaintzera iristen zirela euren herrialdeetan eskrupulurik gabeko zenbait kontratistari, Qatarren lan egiteko aukera izateko, kasu askotan kreditua eskatuta.

Eraikitako stadioetako bat. Argazkia: EFE

Gero, zor horri lotuta, langileak pilatuta bizi ziren, eta hilero 190 euroko soldatak onartu behar izaten zuten, nahiz eta 300 eurokoak hitzeman. Hori guztia, per capita errenta handienetakoa duten herrialde batean.

'The Guardian' egunkariaren arabera, 6.500 langile hil dira Munduko Txapelketarako obretan

Amnistia Internazionalaren arabera, enplegatzaile batzuek ez zieten bizileku baimena egiten langileei, edo ez zieten berritzen; hori dela eta, langileek ez dute frogatzerik baimena dutela Qatarren bizi eta lan egiteko, eta, ondorioz, isuna jasotzeko edo kartzelan sartzeko arriskuan zeuden. Hala, langile batzuk, praktikan, obretan izan diren estadioetan bizi izan dira, edo haientzat egindako kanpalekuetan. Beste kasu batzuetan, enplegatzaileek pasaporteak kendu dizkiete langileei, eta horiek, hala, ezin dute herrialdetik irten. 

Ez dago baieztatuta zenbat langile hil diren lan baldintza horien ondorioz. Batzorde Antolatzailearen arabera, 30 bat izan dira; 'The Guardian' egunkariak, baina, 6.500 heriotza izan direla dio. Nazioarteko Lan Erakundeak, 2020. urteari zegokion txosten batean, urte hartan 50 hildako eta 500 zauritu izan zirela esan zuen. 'The Guardian' britainiar egunkariak, argitaratutako informazioan, Indiak, Bangladeshek, Nepalek, Sri Lankak eta Pakistanek emandako datu ofizialak baliatzen zituen, herrialde horietatik Qatarrera joandako langile migratzaileei erreparatuta (Amnistia Internazionalak dio Munduko Txapelketarako langileen % 90 baino gehiago migratzaileak izan direla).

'The Guardian' egunkariak, dena dela, ez ditu zenbatu Kenyako edo Filipinetako datuak. Izan ere, herrialde horiek ez zuen kopuru ofizialik eman. 2020ko azken hilabeteak ere zenbatu gabe zeuden; beraz, heriotza gehiago izan zitezkeen.

Langile bat estadio baten aurrean. Argazkia: EFE

Human Rights Watch GKEaren ordezkari batek, duela egun batzuk egindako debate batean, salatu zuen nola Qatarreko agintariek ez duten ikerketarik egin "argitzeko milaka langile migratzaileren heriotzak". Horietako asko, gehitu zuen, "berezko heriotzatzat jo dituzte". Qatarreko legepean, zioen bozeramaileak, hildakoen senideek ez dute konpentsaziorik jasotzen.

Qatarreko Enplegu ministro Ali Bin Samikh Al Marrik ezeztatu egin du puntu hori, ordea, eta erantzun du herrialdeak "konpentsazioa" ematen diela senideei. Giza eskubideen aldeko hainbat erakunderen eskaria da konpentsatzeko funtsa espezifikoa sortzea, baina ministroak adierazi du ez dela beharrezkoa, ordaina dagoeneko ematen ari direlako.

LGTBI+ gizataldeko pertsonen eskubideak: Qatarrek homosexualitatea debekatu egiten du

Khalid Salman Qatarreko Munduko Txapelketako enbaxadore eta bere herrialdeko selekzioarekin futbolari internazional ohiak duela 10 egun argi utzi zuen euren ikuspegia: "Homosexualitatea buruko desbideratzea da". Adierazpen hori egindako elkarrizketa berean, Salmanek honako hau gehitu zuen: herrialdera txapelketan zehar bisitatzera joateko asmoa duten LGTBI+ gizataldeko pertsonek emirerriko arauak onartu beharko dituztela, eta horietara egokitu beharko direla.

Homosexualitatea legez kanpokoa da Qatarren

Homosexualitatea legez kontrakoa da Qatarren, eta zazpi urtera arteko kartzela zigorrak ekar litzake. Txapelketako antolatzaileek ziurtatu dute bikote homosexualek ez dutela zertan kezkatu; Nasser Al Khater Batzorde Antolatzaileko presidenteak, baina, duela gutxi esan du espero duela LGTBI+ gizataldeko pertsonek saihestea jendaurreko maitasun erakustaldiak, herrialde anfitrioiaren kultura errespetatuz. Ildo horretan, lehiaketako segurtasun arduradunak, euren sexu orientazioa ez erakusteko jendaurrean eskatu zien duela hainbat hilabete. Harmailan ortzadarraren koloreetako bandera astinduz gero, adibidez, estadioko segurtasun taldeak bandera ken diezaioke jabeari, "bandera duena babesteko", "erasoren bat jaso lezake eta" euren hitzetan.

Laburbilduz, esan genezake Qatarrek onartu egingo duela homosexualitatea Munduko Futbol Txapelketan zehar, bisitarien aldetik behintzat, baina ohartarazi egin du ondorioak izan daitezkeela jendaurrean sexu joera hori erakutsiz gero.

Erantzun kritikoak ugari izan dira. Josh Carvallo futbolari australiarrak, esate baterako, homosexuala bera, ez du txapelketa jokatuko, ez baita sartu bere herrialdeko selekzioan, baina, duela urtebete, adierazi zuen beldur zela Qatarrera joateko.

Futbolzaleak Catarren. Argazkia: EFE

Ikusi beharko dugu zenbat LGTBI+ bandera izango diren estadioetako harmailetan, baina ematen du ziurra dela soropilean, zelaian, ortzadarra ikusgai izango dugula; hain zuzen ere, zortzi selekzioko kapitainen besokoetan. Frantziako, Alemaniako, Ingalaterrako, Herbehereetako, Belgikako, Danimarkako, Suitzako eta Galeseko kapitainek adierazi dute ortzadarreko koloreak eramango dituztela besokoan. Kontuan izan behar da selekzio horietako batzuk, Frantzia, Alemania, Ingalaterra, Herbehereak eta Belgika, faborito nagusien artean daudela, eta, ondorioz, zale gehien dituzten taldeetakoak direla. Harry Kane Ingalaterrako kapitainak, europar futboleko aurrelari ospetsuenetakoa denak, zehaztu du zigorra jaso arren, LGTBI+ koloredun besokoa jantzi egingo duela.

Munduko Txapelketan ibiliko diren futbolariek beste keinu batzuk ere egingo dizkiote LGTBI+ kolektiboari. Ingalaterrako selekzioak Virgin Atlantic konpainiaren "Rain Bow" izeneko hegazkina baliatu zuen, adibidez, eta horren ikurra eta LGTBI+ kolektiboaren ikurra berdinak dira ("rainbow" "ortzadarra" da ingelesez). AEBko selekzioak, bere aldetik, ortzadarreko koloreak erabiliz apaindu du talde intsignia.

Emakumeen aurkako diskriminazioa, Qatarren: gizonezkoa den tutore bati lotuta, derrigor

Qatarreko erregimen politikoak, halaber, emakumeak ere diskriminatzen ditu, legean eta praktikan. Tutoretza sistema batean bizi dira, eta behartuta daude gizonezkoa den tutore bati lotuta egotera, gehienetan senideren bati edo senarrari.

Gizonezko batek eman behar dio baimena beti emakume bati azken horrek funtsezko erabakiak har ditzan: ezkontzea, atzerrian ikastea, edo ugalketa tratamendu jakin batzuk izatea. Dibortziatu nahi badute eta lortuz gero, Estatuak seme-alaben guraso ahala kentzen die.

Bikote bat Fifa fan festivalen, Dohan, Catar. Argazkia: EFE

Etxeko zerbitzuko langile gehienak emakume dira han ere baina Qatarren, bakartuta egoten dira lan egiten duten etxeetan, giltzapetuta. Hala, enplegatzaileekin bizitzeaz gain, balizko abusurik egotekotan gizartearen begietatik kanpo geratuko lirateke delitu horiek.

Hainbat pertsona famaturen salaketa

Gauzak honela, arlo ezberdinetan ezagun diren hainbat pertsonak publikoki gaitzetsi dute Qatarreko Munduko Txapelketa zein Emirerriko Gobernua eta muzin egin diote bertan parte hartzeari. Azkena, oraingoz, Shakira abeslari kolonbiarra izan da. Shakira azken Munduko Txapelketetako irekiera ekitaldietan izan da, baina erabaki du oraingoan ez dela bertan izango. Gauza bera egin dute beste izar handi batzuek, Dua Lipa britainiarrak eta Rod Stewartek kasu. Stewartek azaldu du 960.000 euroko eskaintza bati ezezkoa eman ziola arrazoi moralak tarteko, Qatarren aritzeko, Munduko Txapelketan: "Diru asko eskaini zidaten, milioi bat dolar baino gehiago, han jotzeagatik, baina errefusatu egin nuen, ez baitago ondo Munduko Txapelketa honetara joatea", adierazi du.

Ibai Llanos euskal 'streamerrak' ere ezezkoa eman dio Qatarrera joateko eskaintzari. Lehiaketan zehar edukiak grabatzeko eskaera egin zioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko Futbol Txapelketa Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak LGTBI+ azken ordukoa Qatar azken ordukoa Eskubide unibertsalak