Gizartea -
Sutea Nafarroan
Ezkaba mendiko sutea kontrolpean dute
Astearteko 21:00etan kontrolatutzat eman dute sutea baina ez dute, oraindik, itzaltzerik lortu. Iruñeko ingurabidea, sugarrengatik itxi behar izan zutena, goizaldeko 01:45ean zabaldu ahal izan dute berriro.
O. P. | EITB Media
Suhiltzaileek kontrolatutzat jo dute atzo arratsaldeko lehen orduan Ezkaba mendian piztu eta Espainiako eta Nafarroako gobernuetako lau hegazkin eta sei helikoptero mugiaraztera behartu zituena, lurreko pertsonalaz gain.
70 suhiltzaile inguru lanean izan dira gau osoan zehar, errematatze eta freskatze lanetan, eta 01:45ean zabaldu ahal izan dute atzera Iruñeko Ingurabidea (PA-30), Atarrabia eta Noain artean, baita Ezkabako tunelak ere, atzotik N-121-Atik itxita zeudenak. Hala, ez da aparteko arazorik une honetan inguru horretan gidatzeko, Nafarroako Gobernuko iturriek eitb.eus-i azaldu diotenez.
Gaur goizean, Nafarroako Gobernuko 40 suhiltzailek, helikoptero batez lagundurik, bertan jarraitzen dute freskatze eta errematatze lan horiek egiten.
Lehen orduan operatiboaren arduradunak bildu dira aginte-postu aurreratuan, hurrengo urratsak eta aireko baliabideen beharra baloratzeko. Helikoptero bat ingurua zeharkatzen ari da azterketa-hegaldi batean sutearen egungo egoera ebaluatu ahal izateko.
Baliabide ugari mobilizatu eta sua herriguneetara gerturatu bazen ere, suteak ez ditu horiek edo inguruetako industriaguneak arriskuan jarri, eta ez da inor etxetik edo lantokietaik atera behar izan.
Nafarroako Baso Suteen Larrialdietarako Babes Zibileko Plana 2. mailara igo zuten; uztailaren 11tik dago aktibo eta, plan hori igotzearekin, hegazkin-koordinatzaile bat, lurrean kargatzeko hiru hegazkin (horietako bi Agoncillokoak, Errioxakoak), eta sei helikoptero mobilizatu ziren, horietako bi Ejeatik (Zaragoza) eta Lubiatik (Soria) bidaliak. Asteazkeneko 10:00etan lehen mailara jaitsi duten berriro plana, sutearen egoerak hobera egin duela eta.
Gainera, basozainak, Foruzaingoa, Guardia Zibila, Antsoain, Berriozar, Berrioplano, Burlata eta Atarrabiko udaltzaingoak ere bertaratu ziren, baita Gurutze Gorriko boluntarioak ere. Halaber, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordea eta Amparo Lopez Barne zuzendari nagusia ere aginte-postu aurreratuan izan ziren, gau aldera, behin aireko baliabideak erretiratuta, egoera aztertzeko operatiboko arduradunekin batera.