Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Arza: "Ez da dramatizatu behar, oso arraroa da administrazioan euskaraz artatzeko inor ere ez egotea"
Euskadiko UGTren idazkari nagusiak uste du administrazio publikoan eskatu beharreko hizkuntza profilen kontura "hausnarketa lasaia" egin behar dela. Horren hitzetan, 45 urtetik gorako langileei, "salbuespen gisa", ez liekete hizkuntza profilik eskatu behar.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Raul Arza Euskadiko UGTren idazkari nagusiaren arabera, EAEko administrazio publikoko langileen zati "handi" batek badu dagokion euskarazko hizkuntza eskakizuna, eta hortaz, "oso arraroa da inor ere ez egotea euskaraz artatzeko". "Ez dira datuak dramatizatu behar", erantsi du. Argudiatu duenez, iaz, Lanbiden, bi kexa izan ziren arreta euskaraz izan nahi zuten eta hala jaso ez zuten herritarren aldetik.
Radio Euskadiren "Boulevard" saioan elkarrizketa egin diote gaur Arzari, Gasteizko epaitegi batek euskara eskakizunen inguruko epai polemikoa eman eta biharamunean. EAEko Udaltzaingoen lan poltsetarako B2 hizkuntza eskakizuna ez dela beharko ebatzi du epaileak. Jaurlaritzak helegitea aurkeztu du erabakiaren kontra.
Euskadiko UGTren idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "administrazio publikoan eskatzen diren hizkuntza eskakizunen inguruko hausnarketa lasaia egin behar dugu", batez ere uneotan, kontsolidazio prozesuak martxan daudenean, eta "langile batzuk, beharrean hamarnaka urte daramatzatenak, lan barik geratu ahal direnean hizkuntza eskakizuna ez dutelako", argudiatu du.
Arzaren aburuz, kontu horrek "iraungitze data" du, gaur egun langile gehienek B2 edo C1 eskakizunarekin amaitzen dituztelako euren ikasketak. Iraganean, aldiz, "milaka beharginek ez zuten aukerarik izan euskara ikasteko". Hori horrela, 45 urtetik gorako pertsonekin "salbuespena" egiteko deia egin du, ez dadin derrigorrezko izan hizkuntza eskakizuna izatea.
Arabako Metalgintzaren hitzarmena berritzeko UGTk, CCOOk eta LABek lortutako akordioari buruz, "positiboa" dela esan du, eta aurreikusten dituen "soldata igoera garrantzitsua" eta 2025erako KPIa bermatzeko "berrikuspen klausula" nabarmendu ditu. Arzaren aburuz, "akordio horrek konfiantza emango dio sektoreari etorkizunera begira dauden proiektu garrantzitsuen aurrean". Besteak beste, bateriak egiteko lantegi berria edo Mercedesen geroa aipatu ditu.
Are gehiago, aurreakordio hori "errenten gaineko herri itunera" eramatea babestu du Euskadiko UGTko buruak. Azaldu duenez, 2022rako % 6,5eko soldata igoera aurreikusten du itunak, azpiko KPIak —energiaren eta prestatu gabeko ondasunen prezioak kanpoan uzten dituena— duen portzentaje bertsua. Horren harira, Jaurlaritzak egindako proposamena balekotzat jo du (soldatak azpiko KPIaren arabera igotzea).
Azkenik, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen hitzarmenaren kontra (UGTk bakarrik sinatu zuen) ELAk iragarri duen helegiteaz galdetuta, Arzak erantzun du "esperokoa" zela: "Gero eta langile gehiago ari dira hitzarmenarekin bat egiten, ELAk erreakzionatu beharra zeukan".