Gizartea -

Bilbo

Arriaga eta Casilla artean ez da tranbia zerbitzurik izango uztailaren 30etik abuztuaren 10era bitartean

Hamabi egun horietan, obrak egingo dituzte tranbiaren ibilbide horretan eta, ondorioz, ez da zerbitzurik izango. Bolueta eta Arriaga artean, berriz, zerbitzua ohikoa izango da.

Bilboko tranbia. Argazkia: Mikel Arrazola
Bilboko tranbia. Argazkia: Mikel Arrazola
Bilboko tranbia. Argazkia: Mikel Arrazola

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko tranbiak ez du zerbitzurik eskainiko Arriaga eta Casilla geralekuen artean uztailaren 30etik abuztuaren 10era bitartean, ibilbidean obrak egingo dituztelako, Euskal Trenbide Sareak eta Euskotrenek jakinarazi dutenez.

Beraz, egun horietan, tranbia ez da ondoko geltokietatik igaroko: Abando, Pio Baroja, Uribitarte, Guggenheim, Abandoibarra, Euskalduna, Sabino Arana, San Mames, Ospitalea, Autonomia eta Casilla.

Hortaz, Bolueta eta Arriaga bitartean soilik mantenduko da ohiko zerbitzua obrak irauten duten bitartean.

Tranbiaren errailak berritzeko lanek zirkulazioan ere izango dute eragina. Plaza Zirkularrean, Nafarroa kaletik gorako noranzkoan soilik gidatu ahalko da; Buenos Aires kalean, errei bakarra egongo da irekita, eta ez bi; Olabarri kaleko garajeetara sartzeko nahiz zama-lanak egiteko, Bailen kaletik joan beharko dira ibilgailuak; eta Turismo Bulegoaren ondoko taxien geltokia kendu egingo dute.  

Horrez gain, Venezuela plazako eta Ibañez kaleko lotunean, errei bakarra egongo da irekita; Sabino Aranako kurban, itxita egongo da A-8rako irteera Jose Antonio Zunzunegi kaletik; eta, Trenbidearen Etorbidean, itxita egongo da A-8rako irteera Zunzunegi kaletik.

Bilbobusek ohiko ibilbidea egingo du, eta ohiko geltokietan geldituko da, baina, Nafarroa kalea itxita egongo denez, Buenos Airesetik, Erkoreka plazatik eta Areatzatik igaroko da.

Plaza Zirkularrean, Buenos Aires kalean, Venezuela Plazan eta Sabino Arana eta Jose Antonio Zunzunegi kaleetako erreiak aldatzeko, 882.000 euroko aurrekontua erabiliko dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bilboko tranbia