Gizartea -

sanfermin jaiak 2022

Festa lehertzeko ordu gutxiren faltan, Iruñea prest dago aurtengo sanferminei ongietorria emateko

Jaiak ohi bezala 12:00etan egingo du eztanda Udaletxe plazan, eta hortik aurrera eta bederatzi egunetan zehar izango da zer egin eta zer ikusia Iruñeko kaleetan, Udalak egitarau zabala antolatu baitu.

2022ko San Ferminak ate joka. Irudia: EFE
2022ko San Ferminak ate joka. Irudia: EFE
Txupinazorako 24 ordu baino gutxiago falta direnean, abiadura handiko prestaketak han eta hemen

01:33

ane santesteban | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi urte luze izan dira sanferminik gabe, baina iruindarrak prest daude aurtengoei ongietorria emateko. Jaiak, ohi bezala, 12:00etan egingo du eztanda Udaletxe plazan, eta hortik aurrera eta bederatzi egunetan zehar izango da zer egin eta zer ikusia Iruñeko kaleetan, Udalak adin guztietarako egitarau zabala antolatu baitu: antzerkiak, kontzertuak, dantzaldiak, su artifizialak, erraldoiak eta buruhandiak eta herri-kirolak, besteak beste.

Juan Carlos Unzue futbolari eta entrenatzaile ohia arduratuko da 2022ko sanferminetako txupinazoa botatzeaz, eta, beste behin, EITB Median jaiaren hasiera zuzen-zuzenean ikusteko beta izango da. Behin txupina botata, jai giroa nagusituko da Iruñeko karriketan; izan ere, lehen egunerako, hau da, uztailaren 6rako, hainbat ekitaldi prestatu ditu Udalak.

Aurten ere, sanferminetako kontzertuen egitarauak guztien gustu musikalak asetuko ditu. Hala, Nogen, La M.O.D.A, Lola Indigo, Ben Yart, La Oreja de Van Gogh, Ptazeta, Camela, Doctor Deseo edo Fernandocosta arituko dira bihar hasi eta ondorengo egunetan Iruñean.

Etxeko txikiek eta gazteek ere hainbat gune izango dituzte eurentzako. Alde batetik, Gazte Eremua Foruen Plazara bueltatuko da uztailaren 7tik 14ra. Gunea 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta bertan ikuspegi hezitzaileko aisialdiko jarduerak eskainiko ditu Iruñeko Udalak. Gainera, Takonera parkean, sormena ardatz izango duen haurrentzako gunea egongo da sanferminetan.

Aurten, gainera, txupinazoa ez ezik, entzierroen zuzeneko emanaldia izango da egunero ETB1en eta eitb.eus-en 07:45ean hasita "Entzierroa" saio bereziarekin.

Gazteluko Plazan, berriz ere, eraso sexistak prebenitzeko eta sentsibilizatzeko informazio-gune bat egongo da. Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi delegatu Maria Garcia-Barberenak aurkeztu du gaur gune hori, eta gaurtik hilaren 14ra bitartean egongo da eskuragarri herritarrentzat, 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 00:00etara.

Sanfermin usaina dagoeneko nabaritzen da Nafarroako hiriburuko kaleetan. Jende andana dabil argazki-kamera eskuan hartuta, eta tabernak, dendak eta eraikinak kolore zuri-gorriz jantzita daude.

Las tiendas se preparan para los sanfermines 2022

Sanferminetan ezinbestekoak diren peñak ere, kaleei musika eta giroa jartzen dietenak, jaiei hasiera emateko irrikaz daude, eta prest dituzte euren pankartak.

Dena dela, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondotik, itzuli dira sanferminak, baina Enrique Maya Iruñeko alkateak gaur bertan Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean zuhurtzia eskatu du, eta ahal den neurrian prebentzio-neurriak hartzeko. Sanferminak seguruak izan daitezen, 2.700 agente inguru arituko dira 2022ko San Fermin jaietan lanean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Albisteak Nafarroa Sanferminak Iruñean Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Iruñeko Udala Iruñeko Alde Zaharreko azken ordukoa