Gizartea -
Irungo alarde mistoa
Landaidak uste du "erabakiak hartu behar direla emakumeak jaietan berdintasunez barneratzeko"
"Tradizioak une historiko jakin batzuetan sortzen direla ulertzen dugu, baina garai berrietara egokitu behar dute emakumeei eta gizonei aukera berdinak eskaintzeko", esan du Emakundeko zuzendariak.
N. B. | EITB Media
Izaskun Landaida Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ostegun honetan Irungo alarde mistoaren harira adierazi duenez, "erabakiak hartu behar dira emakumeak jaietan barneratzeko eta jaiak berdintasunez ospatzeko". Zentzu horretan, Landaidak azpimarratu du Irungo udalbatzak "elkarrizketa eta lankidetza sustatu behar dituela alarde publikoa berreskuratzeko".
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan Landaidak adierazi duenez, "hainbat udalerritan, dagoeneko, erabakiak hartu dituzte; esaterako Lekeition, aurten lehen aldiz emakume batek San Pedro jaietako kaxarranka dantzatu baitu".
"Tradizioak une historiko jakin batzuetan sortzen direla ulertzen dugu, baina garai berrietara egokitu behar dute emakumeei eta gizonei aukera berdinak eskaintzeko", esan du Emakundeko zuzendariak. Zentzu horretan, "hori da denboran irauteko estrategia, jaiek kohesioa sustatu behar dutelako", gaineratu du.
Landaidaren esanetan, "argi dago lanean jarraitu behar dugula, baina posible da, hala erakusten baitute beste udalerri batzuetan hartu diren erabakiek; eta gizartea eskatzen ari zaigu, berdintasunarekin gero eta sentsibilizatuago dagoelako".
Alkateak alarde mistoarekiko keinua izatea gustatuko litzaiokeen galdetuta, Landaidak esan du "askotan" eskatu diotela, "Alarde mistoan parte hartzen duten pertsonak Irungo herritarrak direlako".