Gizartea -
osakidetza
Sagarduik dio Lehen Arretan ez dela gertutasunari dagokionez "aldaketarik izango"
Osasun sailburua osasun-sistema publikoari buruzko azken egunotako polemikari buruz mintzatu da, eta azpimarratu du aldaketa bakarrak "hoberako" izango direla.
i.l.k. | eitb media
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak osasun-sistema publikoari buruzko azken egunotako polemikari erantzun dio larunbat honetan. Osakidetzan iragarritako "kultura aldaketak" ez duela murrizketarik ekarriko ziurtatu du Osasun sailburuak. Piztutako ika-mika gaizki ulertu baten ondorioa izan dela adierazi du, eta "sortutako egoneza" sentitzen duela esan du.
Adierazi duenez, "Lehen Arretan ez da eredu aldaketarik izango gertutasunari dagokionez. Hobetzen jarraituko dugu; bai azpiegituretan, bai ahal dugun teknologian eta, batez ere, profesionalekin".
Era berean, "lasaitasuna" eskatu die herritarrei, hurbilen duten osasun-zentrora joaten jarraitu ahal izango baitute. Azpimarratu du "hurbileko" eta "kalitatezko" sistemarekin jarraituko dutela eta, aldaketarik egotekotan, hoberako izango direla.
"Euskadin 340 osasun-etxe ditugu, eta horrela jarraituko dugu. Hori izan da beti gure eredua eta gure harrotasuna", gaineratu du.