Gizartea -
Jaiak
Gasteizek dagoeneko badu 2022ko Andre Maria Zuriaren jaietarako kartela
Luis Carlos Orduz diseinatzaile grafikoaren 'Ha vuelto' kartelak irabazi du abuztuaren 4tik 9ra Gasteizen ospatuko diren Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko Kartel Lehiaketa.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Carlos Orduzen 'Ha vuelto' lana izan da 2022ko Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko Kartelen Lehiaketako irabazlea. Jaiak abuztuaren 4tik 9ra bitartean egingo dira.
Kartelak, kolore arrosa eta urdinez, Andre Maria Zurira iristen ari den Zeledon erraldoi bat islatzen du. "Komedia aplikatzen saiatu naiz eta Gozillaren filmen garai bateko karteletan oinarritu naiz. Jakina, buelta eman nahi izan diot eta erakutsi nola jendea zain dagoen jaia noiz iritsiko", azaldu du irabazleak.
Gaur goizean aurkeztu du Estibaliz Cantok, Gasteizko Hezkuntza eta Kultura arloetako zinegotziak, diseinu irabazlea. "Kartel original honek Zeledonek Andre Maria Zuriaren plazara egindako itzulera erakusten du. Bere zain altxatuta dauden eskuen itsasoa ikus daiteke, aurtengo Andre Maria Zuriaren jaiak erakutsiz", adierazi du.
1.500 euroko saria jasoko du 2022ko jaietako irudiak. Egilea, Luis Carlos Orduz, 31 urteko diseinatzaile eta ilustratzaile gasteiztarra da eta prentsaurrekoan bera ere izan da.
Partaidetza
Kartelen lehiaketara 34 lan aurkeztu dituzte guztira. Lehen fasean, Arabako diseinu arloko hiru profesionalek osatutako epaimahaiak lau diseinu finalista aukeratu zituen eta haietatik atera da irabazlea. Hirurek 250 euroko sari bana jasoko dute: 'Volver a lo grande', Paula Paezena; 'Muestra por fin tu sonrisa', Oskar Blancorena eta 'Vuelve el color a la Blanca', Markel San Martinena.
Lehiaketara aurkeztutako artistei dagokienez, 18 Gasteizkoak dira, 2 Arabakoak eta gainerakoak Espainiako estatuko beste probintzia batzuetakoak. 21 gizonezkok eta 13 emakumezkok hartu dute parte, eta 9 lagunek 30 urte baino gehiago dituzte.
Lehiaketara aurkeztutako 34 kartelak Iparralde eta Pilarreko gizarte-etxeetan uztailaren 8tik 25era bitartean jarriko dituzten bi erakusketatan egongo dira ikusgai.