Gizartea -
Bizkaiako Hondartzak
Bizkaiak murrizketarik gabe ekingo dio ekainaren 1ean hondartza denboraldiari
Aurten, berrikuntza gisa, bainu lagunduaren zerbitzua irailaren 30era arte luzatuko da. Gainera, hareatza batzuetan hondakinak trinkotzen dituzten zaborrontzi adimendunak jarriko dira. Guztira, 269 pertsona ariko dira Bizkaiko hondartzak zaintzen eta garbitzen.
EITB Media
Bizkaiak asteazken honetan, ekainaren 1ean, ekingo dio hondartza-denboraldiari eta irailaren 30era arte luzatuko da. Aurten 269 pertsona ariko dira zaintza- eta garbiketa-lanetan. Denboraldi honetan jada ez da izango aurrekoetan pandemiagatik ezarritako murrizketarik.
Berrikuntza nagusiak dira zenbait hondartzetan eguzki-energiaz elikatzen diren eta hondakinak trinkotzen dituzten paperontzi adimendunak instalatuko direla eta lagundutako bainu zerbitzua denboraldi osoan zehar eskainiko dela, orain arte ez bezala.
Amaia Antxustegi Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatuak astelehen honetan aurkeztu du hondartza-denboraldi berria Muskizko hondartzan. Azaldu duenez, aurten planteatutako berrikuntzek "etengabe hobetzeko helburuari" jarraitzen diote.
"Segurtasunaren aldeko apustua" egiten jarraituko da, eta horretarako 154 sorosle eta hondartzainez osatutako talde bat osatu da, eta, gainera, "garbiketa-estandar altuak" mantenduko dira, zeregin horretan ariko diren 91 profesionalekin.
Bizkaiko hondartzek "lehen mailako ekipamenduak" eskaintzen dituztela nabarmendu Antxustegik eta naturguneak zaintzeko deia egin die herritarrei. "Denonak dira bai haiek gozatzeko eskubidea, bai haiek zaintzearen ardura", azpimarratu du.
Lagundutako bainu-zerbitzua
Lagundutako bainu-zerbitzua Bizkaiko sei hondartzatan eskainiko da: Areetan, Ereagan, Laidatxun. Plentzia-Gorlizen, Isuntzan eta Arrigorrin. Berrikuntza gisa, aurten irailera arte luzatuko da, eta, beraz, uztailaren 1etik denboraldia ixten den egun berera arte erabili ahal izango da.
Aldundiaren BizkaiUP aplikazioaren bidez uretara joateko hitzordua erreserbatu ahal izango da, baina erabiltzaileen erregistroa aurrez aurre egingo da zerbitzua emango den hareatzetan horretarako prestatutako karpetan.
Aurreko ekitaldietan bezala, zerbitzu honen baitan, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonei bainatzeko aukera emateko materiala maileguan utziko zaie.
Istripuen prebentzioa eta sorospena
Istripuak Prebenitzeko, Sorospeneko eta Asistentziako zerbitzua emango duen taldea uretako 154 soroslek eta koordinazio-lanak egingo dituzten beste 15 pertsonak osatuko dute aurten. Egunero zonalde mailako zazpi koordinatzaile, koordinatzaile nagusi bat eta 88 sorosle egongo dira zerbitzuan.
Bestalde, 2022ko denboraldi honetan, erregai alternatiboekin elikatutako ibilgailu berriak izango dituzte sorospeneko eta istripuen prebentzioko zerbitzuan.
Erreskate-materiala desberdina izango da hondartza bakoitzean, bakoitzaren eezaugarrien araberakoa, baina honako hauek izango dituzte orotara: 13 ontzi, zortzi uretako motor, 13 buggy (horietako zortzi elektrikoak), hiru quad, GLPzko (petrolioa-gas likidotua)lau jeep, 11 auto (bat elektrikoa, zortzi hibridoak eta bi gasezkoak), desfibriladore erdiautomatikoak, glukometroak, pulsioximetroak, ohatilak eta hondartzetan arreta behar duten edonori laguntzeko beharrezko elementuak.
Sorosle-taldearekin batera, 14 hondartzainek zainduko dute Bizkaiko hondartzetako segurtasuna, egunean zortzi.
Garbiketa eta mantentzea
Bestalde, 91 lagun ariko dira hondartzak garbitzeko eta mantentzeko lanetan ekainetik irailera bitartean. Horretarako eskura izango dituzte hondartzak garbitzeko 11 makina handi, hiru kamioi, bi furgoneta, 12 traktore, hiru kale-garbigailu, mantentze-materiala garraiatzeko kaxa irekiko kamioi bat, pick-up gisako bederatzi jeep (horietako bat plataforma jasotzailearekin) eta eskuzko bost bahekari.
Denboraldi honetan zehar, ez da paperontzirik edo bidoirik jarriko hondarretan, hondartzetarako sarbideetan baizik. 380 paperontzi eta 42 bidoi instalatuko dira hondakinak biltzeko, baina kopuru hori aldatu egin daiteke gehiagoren beharrik sumatuko balitz.
Gainera, gehien urbanizatutako hondartzetan, erabiltzaileek sortzen dituzten hondakinak biltzeko ohiko paperontziekin batera, zakarrontzi adimendunak jarriko dira. Ontzi arinak eta errefusa trinkotuko dituzte horiek, eguzki-energiaz elikatuta, 6-8 aldiz handituz ohiko zaborrontzien edukiera. Aldundiak zehaztu duenez. Paperontzi horiek Areetan, Ereagan, Arriatera-Atxabiribilen, Plentzian, Gorlizen, Bakion, Laidatxun, San Antonion, Laidan eta Lagan, Isuntzan, Karraspion eta Arrigorrin jarriko dira.
Hondartzetako ekipamenduei dagokienez, aurten 84 dutxa (330 ihinztagailu), 76 iturri eta oin-garbigailu, desgaitasuna duten pertsonentzako sei iturri eta eserleku bat, parrila gisako 367 plataforma eta 1.920 metroko egurrezko pasabidea jarri dira.