Gizartea -
Askatasun sexualaren legea
Sexu-erasoak egiten dituzten adin txikikoek formakuntza programetan parte hartu beharko dute
Lege-proiektua onartzeko bozketa ostegun honetan egingo dute Kongresuan. Azkenean, ez dute prostituzioaren aurkako neurririk sartu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Askatasun sexualaren lege berriaren arabera, sexu-erasoak egiten dituzten adin txikikoek sexualitateari eta berdintasunari buruzko hezkuntza-programetan parte hartu beharko dute. Neurri hori gehitzea adostu dute gaur PSOEk, Unidas Podemosek, ERCk eta EH Bilduk.
Espainiako Berdintasun Ministeriotik azaldu dutenez, adingabeek egindako erasoen aurrean eman beharreko erantzuna indartzea du helburu neurriak, jarrera matxistak gazteen artean hedatzea ekiditeko.
Lege-proiektuari buruzko eztabaida eta bozketa ostegun honetan egingo dute Kongresuan.
Egitasmoak aurrera egiten badu, sexu-erasoengatik zigortutako adingabeek sexu askatasunari eta berdintasunari buruzko hezkuntza-programetan hartu beharko dute parte.
Halaber, erasotzailearen aurkako neurriak bertan behera uzteko ebazpen judizialetan, ezinbesteko baldintza izango da aipatu programak oso-osorik betetzea.
Horrez gain, sexu askatasunari edo indarkeria matxistari lotutako delituetan, adiskidetze-ekitaldiak biktimak hala eskatuz gero egingo dira soilik.
Askatasun sexualari buruzko legea onartzeko azken tramitea izango da gaur Kongresuan egingo dutena. Ondoren, testua Senatura igorriko dute. Egitasmoak Kongresuan aurrera egin dezan, ezinbestekoa izango da gehiengo absolutua lortzea.
Joan den astean, batzordean egindako bozketan, araudi berriak talde parlamentario guztien babesa jaso zuen, Alderdi Popularrarena eta Voxena izan ezik.
Azkenean, baina, ez dute prostituzioaren aurkako neurririk sartu.