Gizartea -

GAIXOTASUNAK

Madrilek ustezko 23 tximino-baztanga kasu atzeman ditu

Tximino-baztanga ezohiko gaixotasuna da, eta normalean sukarra, mialgiak, iztai-adenopatiak (gongoiletako hantura) eta eskuetan eta aurpegian erupzioa eragiten ditu, barizelaren antzera.

Erresuma Batuan tximino-baztangaren 4 kasu eta Portugalen beste bost baieztatu dituzte

01:16

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Publikoko Zuzendaritza Nagusiak tximino-baztanga edo baztanga (monkey pox) izan daitezkeen 23 kasu atzeman ditu Madrilen, osasun-iturriek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez.

Kasu gehiago egon daitezkeelakoan, Osasun Ministerioko iturriek adierazi dute "informazio guztia biltzen" ari direla. Zortzi kasuak aztertzen ari dira, Mikrobiologia Zentro Nazionalarekin koordinatuta, zentro horrek diagnostikoa baieztatzeko edo baztertzeko beharrezko teknika baitu.

Oro har, gaitz hori arnasaren bidez transmititzen da, baina zortzi kasu susmagarriak aztertuta ondorioztatu dutenez, fluidoekin kontaktuan egoteagatik transmititu da oraingoan. 

Zehazki, aztertzen ari diren kasu guztiak harreman homosexualak izan dituzten gizonak dira. Zortzi kasu horietan, bilakaera ona dute, baina baliteke gaixotasun horrek ospitaleratzea ekartzea.

Tximino-baztanga ezohiko gaixotasuna da, eta normalean sukarra, mialgiak, iztai-adenopatiak (gongoiletako hantura) eta eskuetan eta aurpegian erupzioa eragiten ditu, barizelaren antzera. Ez dago tratamendu edo txerto espezifikorik horri aurre egiteko.

Azken egunotan, hainbat kasu atzeman dituzte Erresuma Batuan eta Portugalen. 1970ean agertu zen lehen aldiz gizakiengan Kongoko Errepublika Demokratikoan (Zaire izena zuen orduan), bederatzi urteko haur batean, baztanga 1968an desagerrarazi zen eskualde batean. 

Ordutik, jakinarazitako kasu gehienak Kongo ibaiaren arroko oihan tropikaleko landa-eskualdeetatik eta mendebaldeko Afrikatik datoz, bereziki Kongoko Errepublika Demokratikotik, endemikotzat jotzen baita. 2017an, Nigeriak izan zuen dokumentatutako agerraldirik handiena, azken kasua baieztatu eta 40 urtera.

Inkubazio-aldia (infekzioaren eta sintomak agertzearen arteko tartea) 6-16 egunekoa izaten da, baina 5 eta 21 egun artekoa izan daiteke. Hilgarritasun-tasa % 1 eta % 10 artekoa izan da aurreko agerraldietan, batez ere gazteen kasuan.

Fernando Simon Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak asteazken honetan adierazi duenez, "litekeena da tximino-baztangak transmisio garrantzitsurik ez eragitea, baina ezin da baztertu". Horregatik, kontu handiz ibili behar dela adierazi du, eta, zentzu horretan, hipotesi posible guztiekin lanean ari direla azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Tximinoen birusa