Gizartea -
gazteriaren kontseilua
Euskal gazteriak eguneroko keinuak proposatu ditu, "Euskadi jasangarriago" baterako
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak adierazpen bat helarazi dio Eusko Jaurlaritzari, "kontsumo ohiturak aldatzea eta gizarte eraldaketarako agente gisa ahalduntzea" lehentasun dituena.
agentziak | eitb media
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) zenbait kidek "eguneroko keinu" aldaketak proposatu dituzte igande honetan, Europaren Egunean. Energia kontsumoa, garraioa, elikadura, birziklaketa eta digitalizazioa dituzte ardatz, "aztarna ekologikoa murrizteko" eta "etorkizun jasangarriago baterantz" aurre egiteko helburuekin.
Era berean, adierazpen bat helarazi diote Eusko Jaurlaritzari, "kontsumo ohiturak aldatzea eta gizarte eraldaketarako agente gisa ahalduntzea" lehentasun dituena.
EGK-k "Euskadi jasangarriago baterako euskal gazteriaren konpromisoak" izeneko agiria aurkeztu du igande honetan, Gasteizko Salburua hezeguneko Interpretazio Gunean. Pertsona gazteen jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko jarrera xehatzen da bertan.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu dute ekitaldia, eta astelehenean Bilboko Azkuna Zentroan izango den eztabaida batek emango dio amaiera.
Adierazpenean, lantaldeetan jorratutako analisi eta ondorioekin, "gazteriaren jokabide jasangarriak sustatu eta erraztuko dituzten tresnen diseinua" proposatu diete gazteek administrazioei. Enpresen kasuan, berriz, "tokiko ekoizpen eraginkorra" proposatu dute.
Arantxa Tapiak nabarmendu duenez, Europar Batasunak proposatutako 'European Green Deal' delakoa "krisitik ateratzeko eta etorkizun jasangarriago bat lortzeko mekanismo nagusietako bat da". Haren aburuz, hazkunde iraunkorrerako estrategia horrek "2050ean neutraltasun klimatikoa lortzea baimenduko du".
Bestalde, Beatriz Artolazabalek emakume gazteen papera azpimarratu du: "funtsezkoak dira aldaketa sozialean, belaunaldiarteko lankidetzan eta klima aldaketaren aurkako borrokan zein Europak jasangarritasunaren alde egindako apustuan".
Hiru konpromiso nagusi
Igande honetan aurkeztutako agiriak konpromiso zehatzak ezartzen ditu, eta gazteek "hiru helburu nagusi" lehenetsi dituzte. Horietako lehena, "ohiturak era mailakatuan aldatzea aztarna ekologikoa murrizteko, etorkizun jasangarriago baterantz aurrera egiteko, argindarraren erabilera arduratsu baten bitartez".
Garraio publikoaren eta zero kilometroko elikagaien kontsumoaren alde ere egin dute, hondakinen birziklaketarekin edo "teknologia digitalen erabilera handiago batekin" batera, "baliabide natural berrien kontsumoa ekiditeko".
Bigarren erronka lagun eta senideen artean euren "potentzial sentikortzailea, hezitzailea eta preskriptorea" erabiltzean datza, "euren paperaren garrantzia azpimarratuz baliozkotze sozialerako prozesuetan, horiek sozializazio mekanismo aprobetxagarri gisa erabilita, jasangarritasunaren ikuspuntutik".
Gainera, hirugarren helburuan, gazteek uste dute "presio eta eskaera lanak" indartu behar dituztela "enpresen eta administrazio publikoen aurrean, euren ahalduntze propioaren bitartez". Ikuspuntu politikotik zein kontsumitzaile ikuspuntutik egin nahi dute hori, "eskaera argia helarazteko helburuz, ingurumena lehentasun bilakatu dadin".