Gizartea -
Ukrainako gerra
Pablo Gonzalez kazetaria behin-behinean espetxeratu dute Polonian, espioitza egotzita
Duela lau egun atxilotu zuen Poloniako Poliziak Ukrainako mugatik hurbil, eta harrezkero inkomunikatuta dago. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Gonzalo Boye abokatuak adierazi du akusazioa "zentzugabea" dela.
EITB MEDIA
Pablo Gonzalez kazetari euskal herritarrari behin-behineko espetxealdia ezarri diote Polonian, espioitza delitua egotzita. Rzesow hiriko kartzelan sartu dute.
Otsailaren 28an atxilotu zuen Poloniako Poliziak, Ukrainako mugatik hurbil berriemaile lanetan ari zenean, eta harrezkero inkomunikatuta dago. Ezin izan du bere familiarekin hitz egin eta bere abokatuaren asistentziarik gabe egin diote galdeketa.
Gonzalo Boye da bere abokatua eta ondoko mezua zabaldu du Twitter bidez: "Lau egun eta gero, Espainiak Polonian duen kontsulatuak jakinarazi digu Poloniako Zigor Kodearen 130.1 artikuluan jasota dagoen espioitza delitua leporatzen diotela Pablo Gonzalezi".
Kazetariari babes diplomatikoa eman diezaiola eskatu dio Boyek Espainiako kontsulari, "lehenbailehen eta onik aska dezaten".
Radio Euskadiko Ganbara saioan egindako elkarrizketa batean, Boyek baieztatu du Pablo Gonzalezek inkomunikatuta segitzen duela eta iragarri du ostiral honetan eskatuko dutela kartzelan bisitatzeko baimena.
"Orain bere defentsa prestatu behar dugu, baina horretarako ezinbestekoa zaigu Pablorekin zuzenean hitz egitea, eta oraindik inkomunikatuta dago", azaldu du.
Poloniako legediaren arabera, behin-behineko espetxealdia hiru hilabetez luzatu dezakete, baina Boyek uste du kartzelatik lehenago ateratzea posible dela, "egozten dioten akusazioa zentzugabea baita".
"Funtsean, Poloniako Errepublikari aurre egin nahian ari diren atzerriko inteligentzia zerbitzuentzat lan egitea leporatzen diote, baina Pablok bi egun soilik zeramatzan herrialde horretan atxilotu zutenean", azpimarratu du.
Ildo berean, gogora ekarri du hiru aste lehenago "Ukrainako inteligentzia zerbitzuengandik trabak" jasan zituela eta, aldi berean, bere familiak "CNIren eragozpenak" sufritu zituela Bilbon.
"Azpimarratu nahiko nuke kazetari bati buruz ari garela. Gustukoa ez den zerbait kontatzeagatik, kazetariak kartzelan sartuko badituzte, gaizki goaz", erantsi du.
Pablo Gonzalez Errusian jaio zen eta hamar urte daramatza kazetari lanetan, besteak beste, Gara, Publico eta La Sexta komunikabideentzat.