Gizartea -

Epaiketa

Serie-bortxatzaileak ez du ukatu Lasarten emakume bat bortxatu izana, baina esan du ez duela gogoratzen

Duela bi aste, Beasainen emakume bat bortxatzeagatik epaitu zuten, eta orduan ere adierazpen berdinak egin zituen; alegia, ez zuen gertatutakoa ukatu, DNA probek duten indarraz jakitun. Gaurkoan ere, barkamena eskatu dio biktimari.

Juicio al presunto violador en serie de Gipuzkoa. Foto: EFE
Juicio al presunto violador en serie de Gipuzkoa. Foto: EFE
Juicio al presunto violador en serie de Gipuzkoa. Foto: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken epaiketan erabilitako estrategiaz baliatu da Gipuzkoako ustezko serie-bortxatzailea astelehen honetan ere. Hots, epailearen aurrean ziurtatu du ez duela gogoratzen Lasarte-Orian 2015eko urtarrilaren 1ean emakume bat bortxatu izana, alkohola, medikamentuak eta drogak kontsumitu zituelako.

Beasainen emakume bat bortxatzeagatik epaitu zuten auzipetua duela bi aste, eta, orduan egin zuen bezala, gaurko honetan ere ez du ukatu Lasarte-Orian neska gazte bat bortxatu izana, DNA probek duten indarraz jakitun. Gainera, barkamena eskatu du epaiketan bertan.

Bere abokatuak egindako galderei soilik erantzun die akusatuak, eta esan du "errudun" sentitzen dela, damututa dagoela eta biktimari barkamena eskatu nahi diola.

"Oso gaizki" dagoela ere adierazi du, eta emakumeari "dagokion kalte-ordaina emateko prest" agertu da.

Gaurko deklarazioan azaldu du osaba bat suizidatu eta, gutxira, aita hil zitzaiola. Harrezkero, medikamentuak hartzen omen ditu, depresioak jota baitago, bere hitzetan.

Halaber, argitu du "oso gazte" hasi zela sexu-harremanak edukitzen, "zortzi edo bederatzi urterekin", eta ordudanik "beti buruan izan dudan kontu bat da". "Familian izandako tragedien ondotik, jokabide inpultsiboagoa izan dut, askotan obsesionatuta ere egon izan naiz", aitortu du.

Auzipetuak deklaratu ondoren, biktimaren adierazpenak heldu dira, eta lekuko berrien deklarazioak entzungo dira geroago.

Gazteak jasandako "min psikologikoa" nabarmendu du biktimaren abokatuak

Akusazio partikularrak biktimak jasandako "min psikologikoa" nabarmendu du epaiketan. Bortxaketa gertatu zenean 21 urte zituen.

"Aurreko epaiketako ildo berari jarraitu dio, hau da, ezer gogoratzen ez duela esan du, alkohola, medikamentuak eta drogak kontsumitu zituela arrazoituta. Zigorra murrizteko daukan estrategia da", adierazi du.

Ertzaintzak urtebete igaro ondoren jakinarazi zion emakumearen aitari bere alaba sexu eraso baten biktima izan zela. Horri buruz galdetuta, abokatuak azaldu du erasoa gertatzen den egun beran abiatzen dutela protokoloa, baina ez dutela sexu eraso bezala jotzen froga nahikoa izan arte.

Erasotzailearen inguruan berretsi du biktimak ezin izan zuela ikusi.

Bukatzeko, azpimarratu du droga kontsumitu izana frogatu beharko duela. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Lasarte-Oria Beasain Albisteak Matxismoa