Gizartea -
ekitaldia berriozarren
Nafarroako Torturatuen Elkarteak 1978tik egindako torturen ikerketa ofiziala eskatu du
Elkartea ofizialki aurkeztu dute Berriozarren egindako ekitaldi publiko batean. Foru Gobernuari eskatu diote ikerketa zientifikoa abiatzeko, eta auzolanerako deia egin dute, sarea handitzeko.
agentziak | eitb media
Nafarroako Torturatuen Elkartea ofizialki aurkeztu dute larunbat honetan Berriozarren. Foru Gobernuari eskatu diote 1978tik gaur arte gertatutako tortura kasuei buruzko ikerketa "ofiziala, zientifikoa eta independentea abiatzeko, 1960tik 1978ra bitartekoekin egin zuena bezalakoa". Hala, "giza eskubideen urratze larri honen ondorioen irudi ahalik eta egiazkoena lortzea" dute helburu.
Elkartea Nafarroako Torturatuen Saretik jaio da, eta larunbat eguerdian aurkeztu dute Berriozarreko Musika Eskolan egindako ekitaldi publikoan. Bertan izan dira ordezkari politikoak, sindikalak eta askotariko kolektiboetakoak.
Lehenengo barne asanblada ospatu ostean, Iñigo Gonzalez Etayo eta Loizune Amatria elkarteko ordezkariek adierazpena irakurri dute. Nabarmendu dutenez, "historia garaikideko une desberdinetan tortura geure azaletan bizi izan dugunon lekukotasun bizia gara".
Elkarteak emandako datuen arabera, Nafarroan mila tortura kasu inguru zenbatu zituzten 1960 eta 2014 artean; bi hildako biktima (Mikel Zabalza eta Antonio Goñi Igoa), Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuagatik Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegian kondena bat, eta beste lau, tortura posibleen kasuak ez ikertzeagatik.
Hala, "auzolan erraldoia" egitera deitu dute, "gure sarea handitzeko eta torturatuen errolda ahalik eta zehatzena eratzen hasteko". Horretarako, Nafarroako torturatutako pertsona guztiak animatu dituzte "horri buruzko formularioak jaso eta betzera".
Onartu dute ez dela lan erraza, pertsona horietako batzuk "ez daudelako jada gure artean", eta "formulario horiek betetzeak iraganeko minak eta sufrimenduak azaleratzen dituelako". Hala ere, azpimarratu dute "torturaren bidegabekeria argitara ateratzea eta behingoz inpunitatearekin amaitzea egin beharreko lana" dela.
Bukatzeko, elkarteak datorren ekainaren 25ean egingo duen mobilizazioan parte hartzeko gonbita bota diote gizarteari.