Gizartea -
Koronabirusa
Lehendakariak neurrien berri emango du bihar, LABIren ostean
Iñigo Urkullu lehendakariak 20:00ak aldera azalduko ditu berak zuzentzen duen LABI instituzionalaren bileran hartutako erabakiak.
EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak LABI instituzionalak hartutako erabakien berri emango ditu bihar, osteguna, 20:00ak aldera, behin bilera bukatuta. Urkullu buru duen LABI instituzionala 18:30etan bilduko da datu epidemiologikoak aztertzeko eta neurri murriztaileekin zer egin erabakitzeko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ziurtatu duenez, "pandemiaren bilakaera ona" da adierazle nagusi gehienei begiratuta -kasu kopurua, positibotasuna, zazpi eta 14 eguneko intzidentzia, ospitaleratzeak eta ZIUen okupazioa-, baina ospitaleratze eta hildakoen kopuruak "handia izaten" jarraitzen duela ohartarazi du.
Edonola ere, osasun egoera "duela 15 egun baino argiagoa eta positiboagoa da", indarrean dauden neurriak luzatzea erabaki zutenean.
Horrela, LABI zientifiko-teknikoa gaur bilduko da, datu epidemiologikoak sakon aztertu eta neurri zehatzak proposatzeko, bihar LABI instituzionalak onar ditzan.
Bihartik aurrera musukoa kalean erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango, Osasun Ministerioak eta erkidegoek adostu bezala. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez du argitu ikastetxeetan neurria aplikatzeari utziko dioten.
Zentzu horretan, Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak errepikatu du, covidaren aurkako protokoloa eguneratzea Osasun eta Hezkuntza sailen ardura dela. Kanpoaldean maskarak erabiltzeari uzteko dekretuaren zain daude, ikastetxeetan prebentzio neurrien inguruko erabakiren bat hartzeko, erantsi duenez.