Gizartea -
KORONABIRUSA
Soilik ekitaldi jendetsuetan izango da derrigorrezkoa maskara kanpoaldean erabiltzea
Hala erabaki dute Espainiako Gobernuak eta erkidegoek Lurralde arteko Osasun Batzordean. Halaber, kirol-ekitaldien edukiera 75etik % 85era handitzea adostu dute kanpoko eremuetan, eta 50etik % 75era, itxiak badira. Neurriok ostegunean sartuko dira indarrean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek kanpoaldean maskararen erabilerarekin amaitzea erabaki dute gaur goizean egin duten bileran, ekitaldi jendetsuetan salbu. Halaber, kirol-ekitaldien edukiera % 75etik % 85era handitzea adostu dute kanpoko eremuetan, eta % 50etik % 75era, itxiak badira.
Omikron kasuen gorakadaren aurrean, urtarrilaren 26an edukiera mugak mantentzea erabaki zuten Ministerioak eta erkidegoek, baita babes-neurriekin jarraitzea ere, hala nola maskara erabiltzea edo edatea, jatea edo erretzea debekatzea. Aurrerantzean, baina, edukiera-muga hori areagotu egingo da.
Bestalde, eta Carolina Darias Osasun ministroak ostiralean iragarri bezala, maskararen nahitaezko erabilera aire librean bertan behera uztea erabaki dute. Ekitaldi jendetsuetan, kirol ekitaldiak barne, metro eta erdiko distantziarik ez dagoenean soilik izango da derrigorrezkoa maskara jarrita izatea kanpoaldean. Gomendioa, berriz, hiriguneetako toki jendetsuetan erabiltzea da.
Neurriok bihar onartuko ditu Ministroen Kontseiluak, datorren ostegunean indarrean sartu ahal izateko.
Neurria erkidego guztien bermearekin adostu da, Euskal Autonomia Erkidegoarena izan ezik, abstenitu egin baita. Horrela, eta asteazkenean Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzen denean, abenduaren amaieran berriz ere derrigorrezko bihurtu zen neurria bertan behera geratuko da. Dena dela, pilaketak daudenean babes-neurri hori jartzea gomendatuko da.
Gaur egun, maskara derrigorrezkoa da barruko espazio guztietan, baita kanpoaldean ere, 6 urtetik gorakoentzat. Salbuespen bakarra espazio naturaletan erabiltzea da, mendian edo hondartzan adibidez, betiere elkarrekin bizi ez diren pertsonen arteko segurtasun distantzia mantentzerik ez dagoenean.
Aurrerapenak covid ziurtagiriarekin
Bestalde, Europako Batzordearen barruan egindako covid digitalaren ziurtagiriaren azken aurrerapenen berri eman die osasun ordezkariei Dariasek. Hala, araudia aldatzeko proposamen bat argitaratu dela jakinarazi du, covid-19aren aurkako txertoen saiakuntza klinikoetan parte hartzen duten pertsonei ziurtagiria eman ahal izateko (Hipra espainiarraren kasuan bezala) eta dokumentua beste estatu kide batzuek onartu ahal izateko.
Ildo horretan, Espainiak antigenoen testetan oinarritutako suspertze-ziurtagiri digitalak ematea proposatu du, eta ez soilik PCR probetan, orain arte bezala, nahiz eta aurrerapen horiek, Osasun Sailak dioenez, beren arau-bidea jarraitu beharko duten sendotzeko.