Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroan neurriak otsailaren 14ra arte luzatzea baimendu du Auzitegi Nagusiak
Neurri horien artean daude, besteak beste, 01:00a eta 06:00ak bitartean tabernak itxita egotea, zutik kutsumitzeko debekua eta gizarte-, kultura- eta kirol-arloko ekitaldi zehatzen arautzea.
EITB MEDIA
Nafarroan koronabirusaren kontrako neurriak otsailaren 14ra arte luzatzea baimendu du Justizia Auzitegi Nagusiak, Foru Gobernuak eskatu zuen bezala, gaur Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak ebatzi duenez. Halaber, covid ziurtagiria beharrezkoa izango da orain arteko toki berberetan.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren iritziz, murrizketak "beharrezkoak, neurrikoak eta egokiak dira" egoera epidemiologikoa aintzat hartuta. Zenbait adierazlek hobera egin badute ere, beste batzuek neurri beretsuan jarraitzen dutela ondorioztatu du Auzitegi Nagusiak.
Kutsatzeek behera egin arren, intzidentzia metatua oraindik ere oso altua dela nabarmendu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bere autoan. Hain zuzen ere, 14 eguneko intzidentzia metatua 4.711 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta 7 egunekoa, ostera, 2.073 kasukoa. Auzitegiak gehitu duenez, 14 eta 7 eguneko intzidentzia metatuak abenduan neurri murriztaileak baimendu zirenean baino "askoz altuagoak" dira. 14 eguneko intzidentzia 1.934,67koa zen orduan, eta 7 egunekoa, 1.178,57koa.
Aretoak ondorioztatu duenez, aldaera berrien arriskua tarteko, proposatutako neurriak ezinbestekoak dira "birusaren transmisioa kontrolatzeko".
Hauek dira otsaileran 14ra bitarteko neurri murriztaileak
2022ko urtarrilaren 26ko 3/2022 Foru Aginduaren arabera, abenduko azken astetik indarrean dauden neurri gehienak mantenduko dira. Zehazki, 01:00etatik 06:00etara itxi egin beharko dituzte dendak, diskotekak, dantzalekuak, ikuskizun, kontzertu-areto, taberna, taberna berezi, kafetegi eta jatetxeak, bingoak, joko-areto eta apustu-etxeak, ostalaritza edo sukaldaritza jarduerak egiten dituzten espazio multifuntzionalak. Halaber, itxiera ordu hori errespetatu beharko dute elkarte gastronomikoek, peñek eta gazte lokalek eta antzerakoek.
Ostalaritzako lokaletan, ezingo da zutik kontsumitu; bai, ordea, barrari itsatsita jarritako mahaietan eserita eginez gero. Barra ondoko mahai horietan gehienez ere bi pertsona eseri ahalko dira. Gainerako mahaietan, gehienez 10 pertsona elkartuko dira. Neurri horiek bete beharko dituzte elkarte gastronomikoek eta peñek ere.
Halaber, orain arte bezala, kalean alkohola kontsumitzea debekatuta egongo da.
Erakunde antolatzaileek jende pilaketak ekiditeko neurriak hartu beharko dituzte. Horrez gain, ezingo da ez jan eta ez edan kultur, kirol eta gizarte ekitaldietan.
1.000 pertsonatik gorako edukiera duten barrualdeko ekitaldietarako eta kanpoan egiten diren 2.000 pertsonatik gorakoetarako nahitaezkoa izango da Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari txostena eskatzea.
Bestalde, covid ziurtagiria nahitaez erakusten jarraitu beharko da Nafarroan. Orain arte bezala, toki hauetan sartzeko erakutsi beharko dute 12 urtetik gorakoek: zahar-egoitzak eta zentro soziosanitarioak, diskoteka, dantzaleku, ikuskizun, kontzertu-areto eta ekitaldi jendetsuetako lizentzia duten lokal eta establezimenduak (Osasun Ministerioaren jarduera koordinatuen dokumentuaren erregulazioa duten kirol-ekitaldiak izan ezik), bingoak, joko-areto eta apustu-etxeak, espazio multifuntzionaletako establezimenduak, jatetxeak (unibertsitateetako jantokiak eta jantokiak izan ezik), aterpetxeak, hotelak eta antzekoak, gimnasioak eta espazio itxietan zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egiten diren instalazioak, lehiaketetako kirol-entrenamenduak izan ezik. Ez da covid pasaportea erakutsi beharko establezimendu horietako aire zabaleko espazio eta terrazetan.