Gizartea -

KORONABIRUSA

Ospitaleratzeak eta heriotza-tasak gutxitzea ekarriko dute aho bidezko erretrobiralek

Ospitaleratutako gaixoek koadro larriak garatzea saihesten dute. Hala ere, antibiralek ez dituzte txertoak ordezkatzen, beste erabilera bat dutelako.

Osasun langileak eta gaixo bat, Basurtuko Ospitaleko ZIU batean. EFE
Osasun langileak eta gaixo bat, Basurtuko Ospitaleko ZIU batean
Osasun langileak eta gaixo bat, Basurtuko Ospitaleko ZIU batean. EFE

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aho bidezko antibiralak pandemiari aurre egiteko tresna garrantzitsua bihur daitezke, ospitaleratutako gaixoek koadro larriak garatzea saihesteko, Manoli Igartua Farmazian lizentziadun eta doktore eta EHUren Arabako Campuseko errektoreordearen esanetan.

Hala ere, horren hitzetan, antibiralek ez dituzte txertoak ordezkatuko, bata estrategia prebentiboa baita, infekzioa saihestea, eta bestea, berriz, estrategia terapeutikoa, infekzioari tratamendua ematea. "Biak erabilita aukera gehiago izango ditugu pandemiari aurre egiteko", azaldu du.

Erretrobiralak antibiriko familiako botika mota bat dira, birusak deuseztatzea helburu duten medikamentuak. Gehiago zehaztearren, erretrobiralak RNA birusen tratamenduan erabiltzen diren sendagaiak dira, hau da, koronabirusari eta hiesari aurre egiteko, esaterako.

Sendagai horien bidez, birus horiek hiltzen dira, birusa gehien ugaltzen ari den fasean, eta, hortaz, ez du okerrera egiten. "Horrek ospitaleratzeak eta heriotza-tasa  gutxitzea dakar", horren esanetan.

Oso tratamendu laburrak dira, bost egunekoak, eta erantzun immunea konprometitua dutenentzat dira; adinekoentzat edota gaixo kronikoa edo gaixo onkologikoa dutenentzat, besteak beste.

Azken asteetan baimentzen ari diren erretrobiralak aho bidezkoak dira, eta horrek "alde handia dakar gaixoentzako erosoagoak direlako". Hala ere, oraindik ez daude erabat baimenduta, eta ospitaleetan larrialdiko egoeratan besterik ez daude baimenduta.

Orain, estatu bakoitzeko medikamentuen agentziek izango dute datu guztiak batu (entsegu klinikoenak tartean) eta merkaturatzeko baimena emateko ardura.

Igartuaren esanetan, Espainian mediku batek botika hori erabili behar badu, baimena eskatu behar dio Espainiako Sendagaien Agentziari, eta justifikatu egin behar du larrialdiko erabilera dela, gaixo baten heriotza saihesteko, adibidez.

"Ez dago argi oraindik farmazietan saldu ahalko den, baina litekeena da ospitaleetan baino ez erabiltzea, eta, hiesarekin gertatzen den bezala, ospitaleetako farmazietan ematea", esan du.

"Jendeak pentsa dezake pilula honekin ez dela beharrezkoa txertatzea, gaixotzen banaiz bost eguneko tratamenduarekin nahikoa izango duela uste baitute, baina bi estrategiak erabiltzea oso garrantzitsua da: txertatzen jarraitu behar da, adituen gomendioak eta epeak kontuan hartuta, eta beharrezkoak diren kasuetan erabiliko dira antibiralak", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Sendagaiak Covid birusaren olatu berria Industria farmazeutikoa