Gizartea -
KORONABIRUSA
Otsailaren 14ra arte luzatuko ditu Nafarroak egun indarrean dauden neurriak
Neurri horien artean daude, besteak beste, 01:00a eta 06:00ak bitartean tabernak itxita egotea, barran kutsumitzeko debekua eta gizarte-, kultura- eta kirol-arloko ekitaldi zehatzen arautzea.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du ostalaritzako eta gaueko aisialdiko ordutegien eta edukieren mugei buruz indarrean dauden neurriak osorik luzatzea. Bihar bertan bidaliko dio Auzitegi Nagusiari, eta gauzak ondo bidean, otsailaren 14ra arte egongo da indarrean, egun hori barne.
Neurri horien artean daude, besteak beste, 01:00a eta 06:00ak bitartean tabernak itxita egotea, ostalaritza establezimenduetan zutik kontsumitzeko debekua eta gizarte-, kultura- eta kirol-arloko ekitaldi zehatzen arautzea. Adostutako testua ostegun honetan bidaliko da Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salara, honek berrets dezan.
Santos Indurain kontseilariak, erietxeetako egoerari erreparatu dio berriro ere erabaki honen arrazoiak azaltzerakoan. Adierazi duenez, datuen beheranzko joera sendotzera bidean beharrezkoa da bigarren luzapen bat, oraindik ere erietxeetan bizi duten presioa handia delako.
1.655 koronabirus kasu zenbatu dira Nafarroan, Foru Gobernuak asteazken honetan zabaldutako behin-behineko datuen arabera.