Gizartea -
DANBORRADA
Danborradarik ez, baina Donostian Kopako partida izango da
Datorren asteazkenean ez da danborradarik izango Donostian. Hala ere, Realak Errege Kopako final-zortzirenetako partida jokatuko du Atletico Madrilen aurka Reale Arenan.
N. B. | EITB MEDIA
Datorren asteazkenean ez da danborradarik izango Donostian. Hala ere, Realak 21:00etan jokatuko du Atletico Madrilen aurkako Errege Kopako final-zortzirenetako partida Reale Arenan.
Bigarren urtez jarraian, Donostiako Udalak urtarrilaren 20an ospatzen den Gipuzkoako hiriburuko festa handia bertan behera uzteko erabakia hartu du, koronabirusaren pandemia dela eta.
Hala ere, San Sebastian egunaren bezperan, Realak Errege Kopako final-zortzirenetako partida jokatuko du, Atletico Madrilek Superkopako partida galdu baitzuen atzo Athleticen aurka.
San Sebastian Eguna
Donostiako Udalak San Sebastian Egunaren inguruko jardueren berri eman du gaur, urtarrilak 14, udaletxean egindako prentsaurreko batean. Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak esan duenez, San Sebastian Eguna ezingo da "merezi duen moduan" ospatu, osasun egoera dela eta, baina hiriko egun handia gogoratzeko "hainbat elementu" izango dira.
Hain zuzen ere, lau jarduera zerrendatu ditu Insaustik: Udal Txistulari Taldearen Kontzertua, Herritar Merezimenduaren Dominak eta Urrezko Danborra banatzeko ekitaldia, Haur Danborrada eta herritarrei etxeko leiho-balkoietan hiriko bandera zabaltzeko deia.
Udal Txistulari Taldeak igandean (12:00) egingo du San Sebastian aurreko kontzertua; aurten, aforoa handitu ahal izateko, Antzoki Zaharrean, udaletxeko Udalbatza Aretoan barik. Gaur-biharretan, urtarrilak 14 eta 15, jaso ahalko dira gonbidapenak, Victoria Eugeniako leihatilan, eta igandean bertan, alerik balego, Antzoki Zaharrean.
Bestalde, Esther Ferrer artista ez da Paristik Donostiara etorriko, medikuak hala aginduta, Urrezko Danborra jasotzera, baina igandean jasoko du saria, Parisko beraren etxean, Eneko Goia bertara joango da eta.
Haur Danborrada
EITB Mediak atzo aurreratu zuen bezala, 3.000 bat haurrek, ohikoen % 63k, hartuko dute parte, urtarrilaren 20an, 12:00etatik aurrera, Haur Danborradan. Koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, aurten "euren poza gure poza izango da, eta euren ilusioa guztion ilusioa", esan du Insausti zinegotziak.
Kultur ekitaldietan ezin da 800 lagunetik gora pilatu, egun indarrean dagoen araudiaren ondorioz; beraz, bost gunetan beste horrenbeste danborrada izango dira, eta bakoitzak kilometro eta erdi egingo du, ohiko errepertorioaren doinuen pean.
Loiolako Erriberetan 600 haur batuko dira, Bidebietan 425, Gros eta Ulia inguruan 550, Antiguan 600 eta Erdialdean 790.