Gizartea -

Koronabirusa

Marka berria ezarri dute 6.568 kasuek eta omikron aldaera nagusia da dagoeneko Euskadin

257 pertsona daude ospitaleratuta eta 111 ZIUn. Gotzone Sagarduiren ustez, kasuen gorakadak ospitaleetan beste olatu batzuen aldean eragin txikiagoa duen arren, "kopuru absolutuetan, ospitaleetako asistentziaren gaineko presioa altua da oraindik".

Jendea maskarerekin, kalea gurutzatzeko zain. Eitb-ren artxiboko irudia.
Jendea maskarerekin, kalea gurutzatzeko zain. Eitb-ren artxiboko irudia.
Jendea maskarerekin, kalea gurutzatzeko zain. Eitb-ren artxiboko irudia.

O.P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan jakitera eman duenez, Osakidetzak 6.568 koronabirus kasu atzeman ditu astelehenean egindako 24.315 proben artean; beraz, positibotasun tasa % 27koa izan da.

Intzidentzia metatua 2.285 kasukoa da 100.000 biztanleko, duela astebete baino 1.000 gehiago.

Une honetan, covid-19a duten 357 pertsona artatzen ari dira ospitaletako ohe arruntetan. Sagarduik azaldu duenez, azken 7 egunetan 681 lagunek behar izan dute ospitaleratzea.

Gainera, 111 pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, duela zazpi egun baino 10 gehiago.

Sagardui sailburuak omikron aldaerari buruz esan duenez, duela astebete 220 kasu baieztatuta bazeuden eta horien intzidentzia % 23koa zela kalkulatzen zen; orain aldiz, ehuneko hori hazten doa eta hirukoiztu egin dela uste dute (kasuen % 75 lirateke, beraz, gutxi gora-behera). 

Hala ere, azken astean egiten ari diren proba diagnostiko kopuruak horien sekuentziazioa moteldu egiten du eta omikronen ehuneko zehatza jakiteko itxaron egin beharko dela adierazi du. Edonola ere, baieztatu du, omikron "aldaera nagusia" da dagoeneko. 

Nolanahi ere, esan du "ukaezina" dela omikron aldaeraren transmisibilitatea "aurreko aldaerak baino handiagoa" dela, eta hori "egunerokotasunean" ikusten ari direla.

Hala ere, ziurtatu duenez "itxaropenez" ikusten dute, kutsatze kopurua izugarria izanda ere, intzidentzia horrek ez duela beste olatuetan adinako eraginik ospitaleetako presioaren gainean, "txertaketari esker". Proportzioan baxuagoa izanda ere, ordea, azpimarratu du "kopuru absolutuetan, ospitaleetako asistentziaren gaineko presioa altua" dela oraindik.

Izan ere, Iñigo Urkullu lehendakariak Babes Zibileko Planaren aholku batzordea (LABI) deitu du astearte honetarako, Urtezahar gaua baino lehen indarrean sartuko liratekeen neurriak onartzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea