Gizartea -
Koronabirusa
Intzidentzia metatuak 2.000ko langa gainditu du Euskadin
Azken astean 30 pertsona hil dira koronabirusagatik. Asteko positiboak bikoiztu egin dira aurreko astean hautemandakoekin alderatuta, eta intzidentzia 900 puntu igo da. Erietxean dauden gaixoen kopurua igo egin da, eta ZIUko okupazioak berdintsu eusten dio, apur bat igo arren.
I. G. | O.P. | EITB Media
EAEk 2.000 kasuko intzidentzia metatua gainditu du lehen aldiz pandemia hasi zenetik. Osasun Sailak jakinarazi duenez, gainera, 30 pertsona hil dira covidak jota iragan astean (38 izan ziren aurreko astean). Gaur egun, 110 gaixo daude ZIUtako oheetan, horietatik 7 azken 24 orduetan ingresatuak. Martxoaren 26 izan den ZIUtako gaixo kopururik altuena da.
Igande honetan 4.265 kasu atzeman dituzte, guztira egindako 17.050 probetatik. Beraz, positibotasuna % 25ekoa da, hau da, proba egin zuten lau pertsonatik batek eman zuen positibo. Horiek zenbatu ahal izan diren kasuak, izan gehiago izango direlako.
Aste honetan hautemandako positiboak, 30.753, aurreko astean hautemandakoak (14.928) halako bi dira, eta ia hirukoiztu egin dira duela bi astekoak (11.010).
Igoera horren ondorioz, 14 egunetan metatutako 100.000 biztanleko intzidentzia 2.076,6 kasutara iritsi da. Igoera nabarmena da, dela astebete intzidentzia 1.179 kasukoa zen, eta duela bi aste, 937koa.
6-12 eta 20-29 urte bitarteko adin-tarteak dira kaltetuenak. Intzidentzia 3262 kasukoa da 100.000 biztanleko 6-12 urtekoen kasuan, eta 3918koa 20 eta 29 urte bitarteko pertsonen artean.
Lurraldeka, Araban eta Bizkaian 2.000 kasutik gertu dute intzidentzia tasa. Araban duela astebete 1227 ziren, eta gaur egun 1875 kasu daude 100.000 biztanleko.
Igoera are handiagoa izan da Bizkaian, duela astebeteko 894 intzidentzia-kasu metatuetatik 100.000 biztanleko 1939 kasuetara.
Gipuzkoa da lurralde zigortuena, intzidentzia metatua 2305 kasukoa da 100.000 biztanleko (1570ekoa zen duela astebete).
Kasuen gehikuntzak berekin ekarri du, halabeharrez, ospitaleratu behar diren pertsonen kopurua handitzea. Gaur egun, 381 pertsona daude ospitalean eta 110 ZIUn.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan eman du jakitera pandemiaren bilakaera, eta, aurreikuspenen arabera, murrizketa berriak onartuko dituzte covid-19aren seigarren olatua geldiarazten saiatzeko.
Izan ere, Iñigo Urkullu lehendakariak Babes Zibileko Planaren aholku batzordea (LABI) deitu du astearte honetarako, Urtezahar gaua baino lehen indarrean sartuko liratekeen neurriak onartzeko.