Gizartea -

Koronabirusa

Epaileek baimena eman dute Katalunian etxeratze-agindua ezartzeko, edukierak murrizteko eta bilerak mugatzeko

Murrizketa berriak 14 egunez egongo dira indarrean, gauerdi honetatik hasita. Halaber, covid ziurtagiria erabiltzen jarraitzeari oniritzia eman diote epaileek.

Ehunka lagun ilaran, Bartzelonan, txertoaren hirugarren dosia hartzeko. Argazkia: EFE
Ehunka lagun ilaran, Bartzelonan, txertoaren hirugarren dosia hartzeko. Argazkia: EFE
Ehunka lagun ilaran, Bartzelonan, txertoaren hirugarren dosia hartzeko. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du osasun egoera honetan etxeratze-agindua ezartzea, edukierak murriztea eta taldean bildu daitezkeen pertsonen kopurua 10era mugatzea legezkoa dela. Halaber, ontzat eman du covid ziurtagiri digitala erabiltzen jarraitzea.

Generalitateak auzitegiaren baimena behar zuen aipatu murrizketak ezartzeko, oinarrizko eskubideei eragiten dietelako. Neurri berriak 14 egunez egongo dira indarrean eta ostegun gauerditik aurrera aplikatuko dituzte.  

Etxeratze agindua 126 udalerritan ezarriko dute; edukiera % 50era murriztuko dute jatetxeetan eta % 70era saltokietan, gimnasioetan eta kirol eta kultur ekitaldietan. Gainera, ostiral honetatik aurrera diskotekak itxita egongo dira.

Erabaki hori hartzeko Kataluniako Osasun Publikoaren Agentziak egindako txostena hartu dute kontuan epaileek. 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatua aste batetik bestera % 28 hazi dela eta Katalunia larrialdi maila gorenean dagoela azpimarratuta, birusaren transmisio komunitario kontrolik gabe dagoela eta horrek osasun sistemaren ahalmenean eragin zuzena izango duela ohartarazi dute adituek.  

Horrez gain, omikron aldera askoz kutsakorragoa dela, urtea amaitu orduko aldaera nagusia izango dela eta, neurririk hartu ezean, urtarrilean, eguneko 25.000 positibo izango direla aurreikusi dute.  

Kutsatzeekin batera, koronabirusak eragindako ospitaleratzeak eta heriotzak ere datozen asteetan gora egiteko arrisku handia dagoela ondorioztatu dute.

Datu horekin, Generalitateak proposatutako murrizketak baimentzea ebatzi dute epaileek.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Txertoak Koronabirusa Covid pasaportea Kataluniako Generalitatea