Gizartea -
Koronabirusa
Covid kasu berriak EAEn 3.588ra igo dira eta intzidentzia 1.344 kasuraino heldu da
Ospitaleetako egoerak bere horretan jarraitzen du: 292 pertsona daude gela arruntetan eta 97 zainketa intentsiboetako unitateetan. Atzo 20.768 proba diagnostiko egin zituzten, % 17,2ko positibotasunarekin, Osasun Sailak emandako datuen arabera.
N. B. | EITB Media
Euskadik eguneko positiboen marka berri bat hautsi du azken orduetan, kasu berriak 3.588ra igo baitira, hau da, bezperan baino 877 gehiago, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua ere pandemia osoko maximora heldu da, 1.344,31 kasurekin, atzo baino ia 100 kasu gehiago.
Atzo, asteartea, 20.768 proba diagnostiko egin zituzten, eta 3.588 infekzio berri atzeman zituzten, hau da, % 17,2ko positibotasuna, Osasun Sailak emandako datuen arabera.
Ospitaleetako egoerari dagokionez, astearte honetan 292 covid gaixo zeuden ospitaleratuta, astelehenean baino lau gehiago, eta beste 97 ZIUetan, aurreko eguneko 101 pertsonen aldean.
Asistentzia-presioaren beherakada txiki horrek ez du esan nahi ospitaleetako egoera hobetu denik; izan ere, atzo bertan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu zuen goranzko joera "argia" izan dela azken hilabeteetan.
Hala, adibide gisa jarri zuen urriaren 7an astean 78 ospitaleratze zeudela, azaroaren 20an 207ra igo zirenak eta azken egunetan 304ra iritsi direnak.