Gizartea -
KORONABIRUSA
Gabonen atarian, koronabirusari aurre egiteko neurriak gogortzen hasi da Europa
Irlandan, ostalaritza establezimenduak, zinemak eta antzokiak 20:00etan ixten dituzte atzotik. Danimarkan ere hilabetez itxi dituzte antzokiak, zinemak eta kontzertu aretoak, eta Alemanian dantzalekuak eta diskotekak ixtea eta ekitaldi handiak bertan behera uztea aurreikusi dute.
EITB MEDIA
Gabonak ate joka ditugula, eta omikron aldaeraren mehatxua dela eta, Europa neurriak gogortzen hasi da, besteak beste, ekitaldiak bertan behera uzten, edukierak murrizten, ostalaritza ixten edo bisitarientzako baldintza berriak ezartzen.
Irlandan adibidez, kutsatzeen olatua geldiarazteko asmoz, atzotik, ostatuak, zinemak eta antzokiak 20:00etan ixten hasi dira. Neurri horiek urtarrilaren 30era arte egongo dira indarrean.
Alemaniako Gobernua eskualdeko buruzagiekin bilduko da gaur, omikron aldaeraren aurrean zer neurri hartu adosteko. Atzo hedabideetara filtratutako zirriborro baten arabera, Olaf Scholz kantzilerrak eta eskualdeetako gobernuburuek abenduaren 28tik aurrera pauta osoa duten pertsonen arteko bilkurak hamar pertsonara mugatzea adostuko dute, eta, immunizatu gabeko pertsonen kasuan, familia nukleora.
Gainera, kutsatze kopuru handia duten eskualdeetan, dantzaleku eta diskotekak ixtea eta ekitaldi handiak bertan behera uztea aurreikusten da.
Erresuma Batuak zuhurtasunez jokatzeko eskatu die herritarrei Gabonetan egingo dituzten familia-bilkurei begira, baina baztertu egin du murrizketa gehiago ezartzea. Britainia Handiko Gobernuak berriki ezarri zuen derrigorrezkoa dela maskara eramatea garraio publikoan eta espazio itxietan, eta covid pasea aurkeztea, pertsona bat txertatuta dagoela edo test negatiboa duela frogatzeko, ekitaldi handietan sartzeko.
Hala ere, zientzialariak ez daude ados eta Gobernuak beste urrats bat eman behar duela eta muga gehiago ezarri behar dituela uste du, hala nola harreman sozialak hiru etxetako kideetara mugatzea edo abenduaren amaieratik aurrera diskotekak ixtea.
Danimarkan, hilabete itxi dituzte antzokiak, zinemak eta kontzertu aretoak, baita jolas-parkeak eta museoak ere, eta Herbehereetan konfinamendu zorrotz bat ezarri dute asteburuan. Urtarrilaren 14ra arte egongo da indarrean eta funtsezkoa ez den jarduera guztia itxita egongo da, baita ikastetxe eta unibertsitateak ere.
Frantzian, urte berri gauean egitekoak ziren kontzertuak eta su artifizialak bertan behera uzteko eskatu die Gobernuak alkateei.
Neurri horiez gain, hainbat herrialdek murrizketak gogortu dituzte edo zuzenean lurralde jakin batzuetatik etorritako herritarrei sarrera galarazten diete. Irlandak, Portugalek, Italiak eta Greziak adibidez, covid-19 proba negatiboa eskatuko diete bidaiari europarrei, baita txertatutakoei ere.
Italian, txertoa jaso ez dutenek bost egun igaro beharko dituzte berrogeialdian, eta EBtik kanpoko herrialdeetatik datozenek ere gauza bera egin beharko dute.