Gizartea -
koronabirusa
Gabon Zaharrerako kaleko elkarretaratzeak debekatu dituzte Ipar Euskal Herrian
Gainera, Frantziako Gobernuak errefortzuzko txertaketa bizkortu nahi du, omikron aldaeraren hedapen azkarraren aurrean.
agentziak | eitb media
Ohiko kaleko elkarretaratze eta festak debekatuta egongo dira Gabon Zahar gauean Ipar Euskal Herrian. Hala iragarri du ostiral honetan Frantziako Gobernuak, eta, neurri horrekin batera, presio eta murrizketa gehiago ipiniko dizkie txertatu gabeko pertsonei, omikron aldaeraren hedapen azkarraren aurrean errefortzuzko txertaketa bizkortzeaz gain.
Jean Castex lehen ministroak herritarrei eskatu die Gabon hauetan zehar ahal beste murrizteko bilera edo topaketa jendetsuak. Izan ere, azpimarratu duenez, "zenbat eta pertsona gutxiago izan, orduan eta arrisku gutxiago izango dugu".
Castexek nabarmendu du omikron izan litekeela Frantzian 2022 hasieran gailenduko den aldaera, eta azpimarratu du txertaketa dela horren aurkako arma nagusia.
Hala, urtarrilaren 3tik aurrera errefortzu dosia eman ahal izango zaie azkenekoz duela lau hilabete txertatutakoei, orain arteko bost hilabeteen ordez.