Gizartea -

Koronabirusa

Euskadi, osasun-larrialdiko egoeran

LABI 16:30ean bilduko da kutsatzeen gorakada gelditzeko zein neurri ezarri erabakitzeko. Eusko Jaurlaritzak covid ziurtagiria ezarri nahi du gaueko aisialdian eta jatetxeetan.

LABIren bilera bat. Artxiboko argazkia: EFE
LABIren bilera bat. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakariak osasun larrialdia ezartzeko dekretua sinatu du

1:34

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun-larrialdiko egoera gaur aktibatu da berriro Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iñigo Urkullu lehendakariak atzo bertan erabaki zuen Auzitegi Gorenak covid pasaportearen inguruan kaleratu behar duen ebazpenari ez itxarotea, eta arratsaldean sinatu zuen dekretua.

Hori horrela, larrialdi-egoera ezartzeko lehendakariaren dekretua gaur goizean argitaratu dute EAEko Aldizkari Ofizialean.

Gainera, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-LABI Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatu, eta LABIren Aholku Batzorde berria eratu dute. Ostiral arratsaldean egingo du lehen bilera, 16:30ean, egoera aztertzeko.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eskatu dio lehendakariari larrialdi-egoera aktibatzea, azken asteetan pandemiak okerrera egin baitu.

Aurreko osasun-larrialdiko egoera urriaren 7an desaktibatu zuen lehendakariak.

Covid ziurtagiria eta edukiera eta ordutegi mugak

Larrialdi-egoera indarrean sartu ondoren, Eusko Jaurlaritzak ostalaritzako, merkataritzako eta kultur ekitaldietako ordutegiak eta edukierak mugatu ahalko ditu. Halaber, tabernetako barran kontsumitzea galarazteko eta mahai bakoitzean gehienez bil daitezkeen pertsonen kopurua zehazteko aukera izango du.

Oinarrizko eskubideak, baina, ezingo ditu murriztu. Hala, ezingo dute udalerririk itxi, ezta etxeratze agindurik ezarri ere.  

Covid ziurtagiriari dagokionez, gaueko aisialdian eta 50 bezerotik gorako jatetxeetan ezarri nahi dute. Alabaina, erabaki bat hartu aurretik, Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Gorenaren ebazpena osorik irakurri nahi du, neurri horren baldintza eta salbuespen guztiak ezagutzeko.

Ildo horretan, osasun pasaportea beste hainbat esparrutan exijitzeko aukera aztertzen ari dela iragarri du azken orduotan lehendakariak, eremu horiek zeintzuk izan daitezkeen zehaztu gabe.

Edonola ere, Urkulluren hitzetan, LABIk osasun publikoa bermatzeko ezarriko dituen murrizketak "proportzionalak eta egokiak" izango dira.

Horrez gain, datorren asteko jaiegunak direla eta, herritarrei ospakizunak, jende pilaketak eta bidaiak ekiditeko eskatu die, eta musukoa une oro, barruan nahiz kalean, erabiltzeko gomendioa berretsi du.

Osasun larrialdian Jaurlaritzak ezar ditzakeen murrizketak
Osasun larrialdian Jaurlaritzak ezar ditzakeen murrizketak
Osasun larrialdian Jaurlaritzak ezar ditzakeen murrizketak

2:15
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa LABI Osasun larrialdia