Gizartea -
koronabirusa
Covid ziurtagiria indarrean da Nafarroan
Nafarroako Osasun Karpeta Pertsonala ondo dabil berriro, azken 24 orduetan bi aldiz erori ondoren, covid ziurtagiria kontsultatzera sartu den pertsona kopuru handia dela eta.
agentziak | eitb media
Indarrean da jada Nafarroan covid ziurtagiriaren erabilera arautzen duen neurria. Foru Gobernuak zehaztu duenez, ziurtagiria 12 urtetik gorakoei eskatuko zaie 60 mahaikidetik gorako edukiera duten jatetxeetan, diskoteka eta jai-aretoetan, kafe-ikuskizun lizentzia duten lokaletan eta baimen berezia duten tabernetan.
Era berean, agiria eskatuko dute barnealdeetan eta jan-edanarekin ospatutako kultur-ekitaldi jendetsuetan, eta 1.000 pertsonako edukiera gainditzen dutenetan.
Bestalde, Nafarroako Osasun Karpeta Pertsonalak egoki funtzionatzen du berriro, azken 24 orduetan bi aldiz erori ondoren, covid ziurtagiria kontsultatzera sartu den pertsona kopuru handia dela eta. Guztira, 2820 ziurtagiri deskargatu dituzte gauerditik ostiral honetako 06:00ak arte.
Guzman Garmendia Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak adierazi du Foru Gobernuak zerbitzarien kapazitatea laukoiztu duela, kolapsatu ez daitezen. Azaldu duenez, "sartzen denak ziurtagiria deskargatzen ez duelako gertatzen da kolapsoa, kontsultatu bakarrik". Hori dela eta, deskargatzea gomendatu du.
"Gauez, diskoteketan sartzeko, mundu guztiak Osasun Karpeta kontsultatzen badu jada deskargatutako ziurtagiri bat azaldu ordez, gainkarga izango du sistemak", arrazoitu du Garmendiak.