Gizartea -

Nafarroa

Euskarabideak gazteentzako eta haurrentzako ekitaldiak antolatu ditu, Euskararen Eguna dela eta

Euskara bultzatzeko ekitaldi kulturalak Nafarroako 51 udalerritan egingo dituzte, Gora Gora Fest 2021 izenburupean, azaroaren 5etik abenduaren 12ra bitartean.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskarabideak gazteei eta haurrei zuzendutako hainbat ekitaldi kultural antolatu ditu Euskararen Egunerako. Gora Gora Fest 2021 izenburupean, antzezlanak, tailerrak edo liburutegi mugikorrak izango dira udalerri ezberdinetan, azaroaren 5etik abenduaren 12ra bitartean.

Ana Ollo Herritarren Harremanetarako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabidea institutuko zuzendariak aurkeztu dute ekimena.

"Euskara eta gaztelania nafarrak kohesionatzeko balioak dira eta balio horietaz harro gaude", adierazi du Ollok.  

"Horretarako, baina, ezinbestekoa da euskara nafar guztiok, erdaldunak nahiz elebidunak, batzen gaituen hizkuntza dela ulertzea", erantsi du.

Bestalde, Mikel Arregik azaldu du Gora Gora Fest 2021 ekimena Nafarroako 51 udalerritara iritsiko dela eta azpimarratu du ahalegin berezia egin dela euskarazko kultur ekintzak izan ohi ez dituzten herrietara heltzeko.

Ildo horretan, Arregik zehaztu du euskararen erabilera txikia den udalerrietara eramango dituztela euskarazko ikuskizunak.

Eskaintza kulturala gazteei, haurrei eta, oro har, familiei zuzenduta egongo da eta euskara belaunaldi berrien artean sustatzea izango du helburutzat.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Nafarroa Euskararen eguna Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Nafarroako Gobernua Gazteak