Gizartea -
LARRIALDI KLIMATIKOA
2020an inoizko CO2 kopuru handiena erregistratu zuten atmosferan, pandemia gorabehera
Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, milioiko 413 zati erregistratu zituzten, industria aurreko garaian baino % 149 gehiago. Hori dela eta, egungo bizimodua birplanteatzeko deia egin du.
AGENTZIAK | EITB Media
Koronabirusaren ondorioz isuriak murriztu ziren arren, 2020an inoizko karbono dioxido (CO2) kopuru handiena erregistratu zuten atmosferan. Karbono dioxidoa da, hain zuzen ere, berotegi efektua eragiten duen gas horietako bat.
Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, milioiko 413 zati erregistratu zituzten. Hori dela eta, egungo bizimodua birplanteatzeko deia egin du.
Eskoziako Glasgow hirian egingo den klima-aldaketari buruzko goi-bileraren atarian, CO2 kopurua industria aurreko garaian baino % 149 handiagoa dela ohartarazi du erakundeak. Gas horiek denbora luzean irauten dutenez, tenperaturak hurrengo hamarkadatan gora egingo duela ohartarazi du, baita isurtze kopurua zerora murriztuta ere.
"Gure industria, energia eta garraio sistemak birplanteatu behar ditugu, gure bizimodu osoa", adierazi zuen Petteri Taalas Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusiak datuen aurkezpenean. Datu horiek herrialdeek Glasgown hartzen dituzten konpromisoetan eragina izatea espero du erakundeak. "Aldaketak bideragarriak dira ekonomikoki eta teknikoki, eta ezin da denborarik galdu horiek onartzeko", berretsi du.
Erakundearen azken txostenak nabarmendu du berotegi efektua eragiten duten beste gas batzuen mailak ere gora egin duela. Metanoak (CH4) eta nitrogeno oxidoak (N2O), esaterako, % 262 eta % 123 egin dute gora, hurrenez hurren, 1750etik.
Gas horien guztien kontzentrazioak egungo erritmoan hazten jarraitzen badu, Parisko Akordioan hitzemandakoa urratuko dela esan du Taalasek. Orduan, tenperatura globalaren igoera bi gradu baino gehiagokoa ez izateko konpromisoa hartu zuten herrialdeek.