Gizartea -
erasoa
Lanuzteak daude gaur Lurraldebuseko hainbat lineatan, autobus-gidari bati Oñatin egindako erasoa salatzeko
Lanuzteak 06:00etatik 08:00etara eta 18:00etatik 20:00etara izango dira. Hilabete hasieran eraso egin zioten autobus-gidari bati, eta hori salatu nahi dute. Eusko Jaurlaritzak % 30eko zerbitzu minimoak ezarri ditu egun horietarako.
agentziak | eitb media
Astelehenetik aurrera, lanuzte partzialak deitu ditu Gipuzkoan Pesa garraio konpainia kudeatzen duen Avanza Movilidad Gipuzkoa enpresako batzordeak, joan den astean autobus-gidari batek Oñatin jasandako erasoa salatzeko. Geldialdiok ordu-aldaketak eragingo dituzte Lurraldebus taldeko autobusen lineetan: astelehen eta ostiraletan izango dira, 06:00etatik 08:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak % 30eko zerbitzu minimoak ezarri ditu egun horietarako, lanuzteen ordu-tarteetan.
Avanza Movilidad Gipuzkoa emakidadun konpainia Donostiak EAEko gainerako hiriburuekin dituen loturez arduratzen da. Bestalde, Debagoiena eskualdean garraio publikoa kudeatzen du, Debabarrena, Gasteiz, Bilbo eta Donostiarekin dituen loturetan.
Salatu nahi duten erasoa urriaren 2an gertatu zen. Pertsona batek autobus-gidariari bultza, botila hautsi batekin mehatxu eta lapurtu egin zion.
Enpresa-batzordearen arabera, hori gertatu eta gero Ertzaintzari abisu eman zioten, eta jaso zuten erantzuna izan zen "patruilarik ezin zela bertaratu".
Batzordetik adierazi dutenez, enpresa salatuko dute "baliabide egokirik ez ipintzeagatik". Halaber, halako erasoak aurretik ere izan direla, eta baliabiderik jarri ezean gehiago izango direla adierazi dute.