Gizartea -
KORONABIRUSA
CureVac botika etxeak bertan behera utzi du koronabirusaren aurkako bere lehen txertoa garatzeko prozesua
Sendagaien Europako Agentziak (EMA) ez du CureVacen lehen txertoa gehiago baloratuko, Alemaniako enpresak hala eskatuta. CureVac bigarren belaunaldiko txerto berri bat garatzeko lanean ari da GlaxoSmithKline (GSK) Erresuma Batuko konpainiarekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
CureVac Alemaniako botika etxeak uko egin dio koronabirusaren aurkako bere lehen txertoa garatzeari, bigarren belaunaldiko beste txerto bat ekoizteko lanean buru-belarri sartzeko.
Sendagaien Europako Agentziak (EMA) eten egin du CureVac konpainiaren txertoaren ebaluazioa, Alemaniako enpresak hala eskatuta. Orain, RNA mezularian oinarritutako txertoa garatzeko lanean ari da GlaxoSmithKline (GSK) Erresuma Batuko konpainiarekin.
CureVac etxearen txertoaren eraginkortasuna % 47koa dela ondorioztatu zuen hamar herrialdetan egindako saiakuntza kliniko batek.
Osakidetzako Biodonostia eta Biocruces Osasun Ikerketa Institutuek ere parte hartu dute CureVac Alemaniako enpresa farmazeutikoaren txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna aztertzeko saiakuntza klinikoan.
Entseguetan parte hartu eta txertaketaren edo covid ziurtagiriaren inguruan zalantzak dituztenei tokian tokiko osasun agintariekin harremanetan jartzeko aholkatu die Sendagaien Europako Agentziak.