Gizartea -
Lurrikara Iruñerrian
3,9 graduko lurrikara izan da Iruñean eta inguruko udalerrietan
Lurrikara 22:45ean izan da eta Eguesibarren izan du epizentroa. Handik gutxira, beste lurrikara bat izan da Lizoainibarren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
3,9 graduko lurrikara izan da gaur gauean Iruñerrian, Espainiako Institutu Geografikoak jakinarazi duenez.
Dardara 22:45ean izan da eta Eguesibarren izan du epizentroa. Hala ere, Agoitzen, Zangozan, Erron edota Untzuen ere nabaritu dute lurraren astindua.
Minutu batzuk geroago, 23:02an, 3,2 graduko beste lurrikara bat izan da eta Lizoainibarren izan du epizentroa.
2020an, 300 bat lurrikara antzeman zituzten Nafarroako zonalde horretan, gaurkoaren parekoak nahiz gogorragoak.
Nafarroako larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, hainbat dei jaso dituzte lurrikarari buruz galdetuz, baina inork ez du kalterik jakinarazi.