Gizartea -
NOBEL SARIAK
Medikuntzako Nobel saria David Julius eta Ardem Patapoutianentzat, tenperatura eta ukimen hartzaileengatik
Julius eta Patapoutian ikertzaile estatubatuarrek partekatuko dute 2021eko Medikuntzako Nobel saria. Beroak, hotzak eta ukimenak nerbio sisteman nola eragin dezakeen azaltzea lortu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
David Julius eta Ardem Patapoutian ikertzaileek irabazi dute 2021eko Medikuntzako Nobel saria, tenperaturaren eta ukimen hartzaileen alorrean egindako aurkikuntzengatik, Stockholmeko Karolinska Institutuak astelehen honetan jakinarazi duenez.
Aurkikuntza horien arduradunen esanetan, beroak, hotzak eta ukimenak nerbio sisteman nola eragin dezaketen azaltzea lortu dute.
David Juliusek kapsaizina, txile piperretan dagoen osagai mina, erabili zuen beroari erantzuten dioten azaleko sentsore bat identifikatzeko. Ardem Patapoutianek, bere aldetik, presioarekiko sentikorrak ziren zelula batzuk erabili zituen sentsore mota berri bat aurkitzeko, hain zuzen ere, azaleko eta barne organoetako estimulu mekanikoei erantzuten dietenak.
Medikuntzako sariaren irabazlearen ostean, Fisikako, Kimikako, Literaturako, Bakearen eta Ekonomiako Nobel saridunen berri emango dute datozen egunotan.